Zubietako erraustegia

OEIT-k erraustegia osasun arazoekin lotzen dituen datu kezkagarri gehiago plazaratu ditu

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 29a, 13:17

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT) AEB-tan eta Italian argitara eman diren ikerlanen berri eman du.

Hondakinak errausteak osasunean duen eragina aztertzen segitzen du Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT). AEB-tako unibertsitate ezberdinetako zientzialariek egin eta 112.000 parte hartzale izan dituen ikerketaren ondorio nagusiak plazaratu ditu oraingoan. “Ondorioek kezkatzen gaituzte: erraustegiek isuritako dioxinak bularreko minbizi inbaditzailea izateko arriskua %15eko igoerarekin lotzen dira erraustegien inguruko 10 km-ko erradioan bizi diren biztanleen artean”.

Italian berriki argitaraturiko beste ikerlan bateko datuen berri ere eman du OEIT-k. “Egiaztatu du metal astun batzuen maila (barioa, nikela, kobrea, manganesoa eta banadioa) nabarmen handiagoa dela 3 km-ko erradioan bizi diren haurren azazkaletan bi erraustegiren inguruan, erradio horretatik kanpo bizi diren haurrekin alderatuta. Horrek esan nahi du arrisku handiagoa dagoela arnas patologia, patologia neurologikoa eta endokrinologikoa izateko eragindako pertsonengan”.

Erraustegi eta zabortegiak alboratzeko deia
Datuok eskuotan, OEIT-k uste du “inoiz ez dela berandu erraustegi bat ixteko, Gipuzkoako biztanleen osasuna arriskuan jarriko duela ikusita”. Hondakinak tratatzeko modu gisa zabortegiak eta erraustegiak alboratzea eskatzen diete Foru Aldundiko agintariei, “mundu osoko beste mediku-elkarteekin bat eginez”.