Lanbide Eskolan matrikulatzeko aukera gaur 12:30ak arte

Noaua Aldizkaria 2020ko uzt. 17a, 08:18

2020-21 ikasturterako ekaineko lehen hamabostaldian aurrematrikulatu zirenek ostiral hau dute Usurbilgo Lanbide Eskolan matrikulatzeko azken eguna.

Lanbide Eskolatik iragarri dutenez, aste hasieran argitaraturiko behin betiko onartuen zerrendetan "non eman diguten lekua eta ea akatsik gertatu den" ikusi eta urrats hau egoki emanda, ostiral honetara arte (uztailaren 17ra arte) zabalik izango da 2020-21 ikasturterako matrikulazio epea, eguerdiko 12:30ak arte. Tramitazio hau bideratzerakoan, honako dokumentazioa eraman behar da ikastetxera: NAN-a, ikasketa agiria, nortasun agiriko argazkia, eta kontu korrontearen 20 zenbakiak.

Matrikulazioa egoki bideratuta, "irailean izango da ikasturte hasiera. Informatuko zaitugu". 

Eskaintza akademikoa
Erdi eta goi mailako zikloak  euskaraz eta erdaraz, eta goi mailakoetan parte bat ere ingelesez egin daiteke.

Zikloak espezialitate hauetakoak dira: Administratiboa, Elektrizitatea eta elektronika, Mekanika,  Mantenimendua, Energia eta ura.

Informazio gehiagorako:
lhusurbil.eus
943 364600
eskola@lhusurbil.eus