Etorkizuneko Zubieta marrazten

"Guk Zubietan zer" parte hartze prozesua abiatuko dute gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 8a, 09:04

Etorkizuneko Zubieta marrazteko aukera izango dute bizilagunek, ostegun honetan, urriaren 8an 18:30etan bertako frontoian abiatuko den "Guk Zubietan zer" parte-hartze prozesuarekin. Prozesu horretan eginiko lanketaren emaitza, Usurbilgo Udalak 2021. urtean hasieraz onartu asmo izan eta datozen 10-15 urteko udalerria zehaztuko duen Usurbilgo Hiri Antolamendurako Planean (HAPO) txertatuko dute. 

Usurbilgo Udalak 2021ean hasieraz onartu asmo duen Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) etorkizuneko Zubieta ere marraztuko du. Horretarako ordea, aurrez zubietarrei eman nahi diete hitza, urriaren 8an abiatuko duten "Guk Zubietan zer" parte-hartze prozesuaren bidez.

Prozesu horretan zubietarrek eginiko ekarpenak gero Usurbilgo HAPO-an txertatuko dira eta plangintza honek "hurrengo 10-15 urterako Usurbil marraztuko du", Udalak iragarri duenez.

Plangintza honen lanketaren baitan, "herriko hainbat tokitan, tokian-tokiko herritarrekin halako parte-hartze prozesuak egin izan ditu udalak". Horren adibide Aginagan bideratua duten lanketa. “Interes orokorra oinarri, herritarren ikuspuntua eta bizipenak jasotzea behar-beharrezkoa da eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planeamendu bat egiteko”, alkate Agurtzane Solaberrietaren esanetan.

Aginagan bezala, "nortasun propioa duen aldetik, gogoeta gune berezitu bat sortzea erabaki dute" Zubietan. Helburua argia da: "etorkizun hurbila zubietarrek eurek irudika dezaten". Prozesuaren nondik norakoak Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak landu dituzte. "Halaber, Donostiako Udalari ere aurkeztu diete egitasmoa: haiek HAPOa berridazteko fasean ez badaude ere, Usurbilgo Udalak abiatuko duen prozesuan interesa adierazi eta parte hartzeko konpromisoa hartu dute".

Aurkezpen ekitaldia eta erakusketa
Urriaren 8an abiatuko da prozesua, Zubietako Herri Batzarrak, Usurbilgo eta Donostiako Udalek eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) arratsaldeko 18:30etan Zubietako frontoian deitu duten aurkezpen ekitaldiarekin. Bertaratzeko aurrez izena eman beharko da hirigintza@usurbil.eus helbidean. EHU-k gidatuko du datozen bi hilabeteetan luzatuko den prozesua. "Arkitektura fakultateko ikertzaile talde batek diseinatu eta gidatuko du, eta urri eta azaro bitartean burutuko da prozesua". 

Erakusketa batek abiaraziko du prozesua, Udalak iragarri duenez. "Zubietako espazio publikoan jarriko den erakusketarekin emango zaio hasiera prozesuari. Pasa den ikasturtean EHUko Arkitektura Eskolako ikasleek hainbat tokitan espazio publikoaren eta hiri ekipamenduen inguruan egindako lanak erakutsiko dira, tartean, Zubietan bertan egindakoa".

"GUK ZUBIETAN ZER" PARTE-HARTZE PROZESUAREN AURKEZPENA
Eguna: urriak 8, osteguna.
Ordua: 18:30.
Tokia: Zubietako frontoia.
Zehaztasunak: Etorkizuneko Zubieta marrazteko aukera izango dute bizilagunek, ostegun honetan, urriaren 8an abiatuko den "Guk Zubietan zer" parte-hartze prozesuarekin. Prozesu horretan eginiko lanketaren emaitza, Usurbilgo Udalak 2021. urtean hasieraz onartu asmo izan eta datozen 10-15 urteko udalerria zehaztuko duen Usurbilgo Hiri Antolamendurako Planean (HAPO) txertatuko dute. Prozesuaren aurkezpen ekitaldia urriaren 8rako deitu dute, 18:30etan Zubietako frontoian. Bertaratu nahi duenak aurrez eman beharko du izena.
Izen-ematea: aurrez hirigintza@usurbil.eus helbidean.
Sustatzaileak: Zubietako Herri Batzarra, Usurbilgo Udala, Donostiako Udala, Euskal Herriko Unibertsitatea.