Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegia ehuneko ehunean eta "normaltasun osoz" ari da lanean, Foru Aldundiaren arabera

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 19a, 14:03

Zubietako erraustegia eta gainerako azpiegiturak "normaltasun osoz" ari dira funtzionatzen, ehuneko ehunean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera. Hilabete honetan bertan bideratu asmo duten tramitea gauzatuta, "ustiapen fase betean sartuko gara", iragarri du Jose Ignacio Asensio Foru Aldundiko ingurumen diputatuak. Laster, inaugurazio edo aurkezpen moduko bat egitekoak dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak azaroaren 21etik 29ra antolatu duen "Hondakinen Prebentzioaren Europar Astea" aurkezteko ostegun honetan egin duen agerraldian, eta kazetarien galderei erantzunez, Zubietako azpiegituren funtzionamendua hartu du ahotan Jose Ignacio Asensio arlo honetako foru diputatuak. 

"Ingurumen baimen bateratua eskuratu zenetik, azpiegiturak normaltasun osoz funtzionatzen ari dira, ehuneko ehunean", zehaztu du Asensiok. Azken tramite administratibo bat gauzatzea baino ez omen zaie falta; funtzionamendu hasierako akta onartu eta sinatzea.  "Hilabete honetan egitea espero dugu", iragarri du. Kontratuaren berme eta baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu behar ditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioren teknikari eta zuzendaritzak txosten baten bidez. Hau egiteko Asensioren esanetan, ingurumen baimen bateratua eskuratu eta "planta ehuneko ehunean martxan izan arte itxaron beharra genuen".  Akta hau sinatuta, "ustiapen fase betean sartuko gara", iragarri du. Eta orduan bai, iragarri duenez, "horren ondoren, gure asmoa inaugurazio edo aurkezpen bat egitea da", Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Hondakinen Kontzortzioaren (GHK) aldetik. 

"Gure hondakin guztiak autonomoki kudeatzeko gai gara"
Erraustegia eraikitzen amaitu eta martxan jartzeko epeetan atzerapenak egon direla onartu duen arren, "ez dira nabarmentzekoak izan" Asensioren hitzetan, "intzidentzia garrantzitsurik ez da izan", azpiegiturok egun "normaltasun osoz" funtzionatzen ari direla berrestearekin batera. Gipuzkoak uda partetik hona eman duen aldaketa gogorarazi du; "gure hondakin guztiak autonomoki kudeatzeko gai gara". Zabortegi guztiak itxiak daudela adierazi du, egun Gipuzkoak ez duela hondakinik garraiatzen lurralde honetatik kanpora. "Hiri hondakin solidoen zabortegiak ezabatu ditugu eta gipuzkoarrok sortzen ditugun hondakin guztiak materialki eta energetikoki balorizatzen ari gara". Kudeaketa eredu aitzindaritzat jo du Asensiok egun Gipuzkoak martxan duena.

Hondakinen sorrera "irregularra"
Zubieta gaineko azpiegiturak ehuneko ehunean martxan eta "normaltasun osoz" ari diren unean, pandemia garai betean gara. Bizi dugun ezohiko testuinguru honen eraginez, hondakinen sorreran aldaketarik izan ote den galdetu diote kazetariek foru ingurumen diputatuari. "Aldaketak egon dira noski, gure bizimodua aldatu delako", erantzun du Asensiok. Etxeko hondakinen sorreran ez omen da gorabehera handirik izan. Udaberriko konfinamendu garaian bereziki eta gerora ere, hainbat jarduera ekonomikoetan izandako murrizketa edota itxierak tarteko, eremuotako hondakinak bai "asko gutxitu dira". Bere esanetan, ezohiko urtea izaten ari da 2020a. "Oso irregularra zenbait hondakinen atalen sorreran, gure bizimodua bezala". Jarraipena egiten ari direla adierazi dute, baina "aldaketa koiunturala" dela irizten dio. "Ikusi beharko dugu zer nolako bilakaera duen", Asensiok zioenez. 

Hondakinen sorrerak begi bistakoa denez, kudeaketan eragin zuzena du. Halere Foru Aldundiko ordezkariak adierazi duenez, "azpiegiturak oso egoki ari dira funtzionatzen eta pandemia garaiko beharrei egoki ari zaie erantzuten".