Zubietako erraustegia

Militarren kuartela ez dute Zubietara lekuz aldatuko

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 26a, 17:14

DV hedabideak aurreratu duenez, Loiolan bertan egungo eremutik ehunka metro gutxira dagoen hipikan kokatuko dute militarren kuartel berria. Honenbestez, bere garaian aipatu izan bazen ere, badirudi Zubieta gaina ez dela egoitza berri honen honen kokagunea izango. 

Zubieta gaika bildu zitekeen hondakinak erretzeko, Zubieta presondegiaren kokagune. Baina Diario Vasco hedabideak ostegun arratsalde honetan berri eman duenez, Zubieta ez da militarren egoitza izango: Loiolako hipikaren eremua baizik.

Egunotan hizpide bilakatu da berriz gaia. Espainiako 2021eko aurrekontuak babestea erabaki du EAJ-k Madrilen. Trukean, besteak beste, Loiolako militarren kuartela Donostiako Udalari eskualdatzea adostu dute. Urrats garrantzitsua izango da honakoa hiriburuko Udalarentzat, kuartela lekuz aldatzeko.

Hiriburua hazi ahal izateko hain zuzen, bertako udalak eraikitzea aurreikusiak dituen etxebizitza proiektuak bere osotasunean gauzatu ezinean dabil, Loiolako militarren kuartelak eta Martuteneko espetxeak eragozten dielako. Martuteneko espetxeari dagokionez, badirudi datorren urteko bigarren hiruhilekoan eraikitzen hasi daitezkeela Zubieta gainean. Hura eraikita eraitsiko luteke egun zabalik den kartzela. Orain, bide bera jorratu dezake Loiolako militarren kuartelak. Espainiako Gobernuak Donostiako Udalari saltuko dio 2021ean kuarteleko lurren jabetza. Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak kuartelok Donostiako lurretan kokatzen segitzeko asmo argia erakutsi du azken egunotan zenbait hedabideek berri eman dutenez. Donostiako lurretan bai baina orain arte ez da Zubieta gainean kokatzearen aldekoa izan, segurtasun irizpideengatik eta militarren “ongizate” arrazoiak argudiatuta.

Azkenean, Loiolatik Loiolara, bertatik mugitu gabe, egungo egoitzatik ehunka metrora eraikiko dute militarren kuartel berria; handik gertu den hipika gunean. 

Militarrak Donostian nahi ditu Madrilek
Erraustegia Zubietan kokatu zuten; iazko azaroan probaldi fasean jarri zuten eta duela egun gutxi Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dutenez, “normaltasun osoz” ari da lanean. Espetxea ere Zubietan kokatu nahi dute; 2021eko bigarren hiruhilekoan eraikitzen hasi eta 22 hilabeteko tartean amaitzea aurreikusten du Espainiako Gobernuak. Asteotan onar dezake Ministroen Kontseiluak kontratazio espedientea. 41 milioi euroko lizitazio aurrekontua izango du. “Norte 3” izeneko espetxeak 232 ziega bikoitz izango ditu.

Militarren kuartela ere Zubietan kokatuko zuten argitzeke zegoen egunotan. Lehendik ere aukera “logikotzat” jo izan du alkate Eneko Goiak kuartela Estatuak Zubieta gainean lukeen lur eremura lekuz aldatzea, 2021eko bigarren hiruhilekoan eraikitzen has daitezkeen espetxearen ondora hain zuzen. Bere garaian, tamaina handiagoko kartzela bat zegoen proiektatua bertan, gero dimentsioz txikiagoa eraikitzea erabaki zen. Ondorioz, eremu horretan okupatu gabe geratuko litzatekeen zatian kuartela kokatzea balizko aukeretako bat zen Donostiako Udalarentzat. Espainiako Gobernuko Defentsa Ministroak argi du militarrak ez dituela Donostiako lurretatik mugituko baina orain arte behintzat, Zubietara lekuz aldatzeko aukeraren guztiz aldekoa ez da izan. Donostiako Udalak hainbat kokagune proposatu izan dizkio Espainiako Gobernuari; azkena, Belartza gaina. Aukera hau baztertu egin du Madrilek. Gaur badirudi, azkenean Loiola izango dela militarren kuartel berriaren kokagunea.