Zubietako erraustegia

“Erraustegiaren jarduera eten behar da”

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 5a, 12:07

Eusko Jaurlaritzak Zubietako erraustegiari beharrezko baimen bat ukatu ziola ezagutzera eman ostean aipatu plantaren jarduna etetea eskatu zuten agerraldi bidez ostiral goizean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten EHBilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak prentsaurreko bidez. 

“Inork imajinatzen al du baimenik gabe norbaitek bere negozioa martxan izatea? Agiriren bat falta badu ez zaio irekiera baimentzen”. Zubietako erraustegiarekin ordea ez dela halakorik gertatzen ari ohartarazi eta haren itxiera eskatu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten EHBilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak ostiral goizean egin zuten agerraldian.

Erraustegia beharrezko baimenik gabe lanean ari dela salatu zuten. Behin-behineko izaerakoa izan bazuen lehen baina Eusko Jaurlaritzak ez zion luzatu “baldintzak ez zirelako betetzen”.

Gezurretan aritzea leporatu zieten foru agintariei. Arkaitzerrekako maiatzeko isurketarekin gertatu zen moduan, “beti balorizazio energetikoaz hitz egin dute eta ez da ezer balorizatu, Zubietako plantak erre besterik ez du egiten”, azpimarratu zuten. Balorizaziorako “transformagailu handiagoa behar da” eta azaldu zutenez halakorik ez du plantak, matxuratua baitago bigarren aldiz. Hura ordezkatzeko “dirutza bat ordainduz” alokatu dituztenak, “askoz potentzia baxuagoa dute, ez dira energia balorizatzeko gai”. Ondorioz, erraustegia hondakinak erretzen baino ez dela ari diote. “Baimenak erretakoa energia elektrikoan bilakatzen duen transformagailua martxan izatea inplikatzen du” ordea.

Hala, “egoera irregularrean den erraustegiak bere jarduera eten egin behar du”, eskatu zuten bi alderdiek. Horrekin batera, erraustegia eraiki eta kudeatzeko ardura esleitu zaion “Ekondakin enpresari ordaintzen zaiona ere eten egin behar da. Nola liteke ordaintzen jarraitzea, bere lana egiten ez duela jakinda?”, galdetu zuten. Bada bi alderdiok eginiko hirugarren eskaera bat ere. “Ekondakin enpresari jarri zaizkion baldintzak behin eta berriz ez direla bete kontuan hartuta, kontratua aztertu eta erabaki irmoak hartu behar dira”.

Gardetasun eza eta kontrol falta
Foru agintariei gai honetan aspalditik gardentasunik gabe, informazioa ezkutatuz jokatzea egotzi zieten. Hondakinen kudeaketarekiko kontrol falta dagoela diote. “Behar ez genuen azpiegitura eraiki dute eta ezin okerrago kudeatu dute”. Gertaturiko guztia “hondakinen kudeaketa esku pribatuetan izatearen ondorioak” direla ohartarazi zuten, “herritarrek egia jakiteko eskubidea” dutela aldarrikatzearekin batera. “Gaia ezin dugu horrela utzi. Gure diruaz, osasunaz ari gara”.

Egoera honen aurrean, “presazko agerraldia eskatu diogu Asensio jaunari”. Gertaturikoa argitzeko eskaera Gasteizko Legebiltzarrera helaraziko dutela ere iragarri zuten. Arduraz jokatzea eskatu zioten, erraustegiari baimena ukatu dion Eusko Jaurlaritzari. “Haiei dagokie xehetasunak ematea”.