Zubietako erraustegia

Erraustegiak beharrezko baimenak dituela dio Foru Aldundiak

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 5a, 12:01

EHBilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak Batzar Nagusietan agerraldi bidez adierazitakoa gezurtatu nahi izan zuen ordu gutxiren buruan, Foru Aldundiko ingurumen diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Konsortzioko (GHK) lehendakari Jose Ignacio Asensiok. Erraustegiak beharrezko baimenak dituela dio eta hondakinak energetikoki "balorizatzen" ari direla.

Penagarritzat eta arduragabetzat jo zituen Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari Jose Ignacio Asensiok bi eragileon adierazpenak. “Tamalgarria da zerbitzu publiko baten, hain konponbide ona eman diogun hondakinen kudeaketari buruzko informazioa politikoki manipulatu nahi izatea”, erraustegiak beharrezko baimenak dituela adierazita. Lekzio bakar bat ere ez dietela onartzen adierazi zuen, bere garaian “ezer ez egiteagatik 13 milioi xahutu eta 40 milioi eurotik gorako galerak eragin zituztenei”.

Hondakinak erraustu eta erretakoa balorizatzen hasiak direla zioen, “ekonomia zirkularraren oinarrizko printzipio” gisa definitu zuena. “100.000 tona hondakin baino gehiago tratatu ditu. 3.997.000 kilowatio sortu ditu, %84a argindar sarera bideratu da, gainerako %16a autokontsumora”. Erreusaren %8a berreskuratzen ari direla ere gaineratu zuen. 2021ean gaikako bilketa %57tik %65era igotzeko erronka dutela, bere esanetan, “ehuneko ehunean eta beharrezko baimenekin lanean diren Gipuzkoako plantei esker”.

Akta sinatzeke
Diru kontuak ere ahotan hartu zituen. “Ez gara ezer ordaintzen ari”, aipatu zuen. GHK-ren teknikari eta zuzendaritzak kontratuko berme guztiak betetzen direla egiaztatzean, jarduera hasierako “akta sinatuko da eta orduan kontratuak finkatutakoa ordaintzen hasiko gara”, iragarri zuen.

Asensiok bere eskariz bezperan Batzar Nagusietan agertzeko eskaera erregistratu zuela ere berri eman zuen. “Lasaitasun mezua helarazi nahi diet herritarrei. Beti bezala, gardentasun osoz eta arduraz jokatzen ari dira Aldundia eta GHK”, zioen.

Agerraldi hau egin eta ordu gutxira, Eusko Jaurlaritzak erraustegiak "balorizazio energetikorako" behar zuen behin behineko baimena, egun batzuk lehenago ukaturikoa luzatzea baimendu ziela jakinarazi zuen Asensiok.