Zubietako erraustegia

"Naturklima" ere Zubietako Eskuzaitzetara 2023an, eraikitze lanak esleitzera doaz

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 11a, 13:04

Erraustegia, hondakinak tratatzeko azpiegitura gehiago, kartzela... eta "Naturklima". Gipuzkoako Klima Aldaketaren foru-fundazioa ere Zubieta gainean kokatuko du Foru Aldundiak 2023an, "Eskuzaitzetako 5. partzelan" egunotan zehaztu dutenez.  Erraustegitik hurbil. Egoitza berri honen eraikitze lanak esleitzera doazela jakinarazi dute egunotan.

"Egoitza berrian kokatuko dira Klima Aldaketaren Behatokia, Klima Aldaketaren Gela eta 2 HUB, ekonomia zirkularraren eta energia-trantsizioaren arloan industria- eta enpresa-soluzio berriak garatzeko, esperimentatzeko, pilotatzeko eta, ondoren, gizarteratzeko", Gipuzkoako Foru Aldunditik azaldu dutenez.

Behin-behineko egoitza egun Miramongo parke teknologikoan du. Etorkizunekoa ordea Zubieta gainean kokatuko dute. Gune berri hau eraikitzeko lanak lizitaziora aterako dituela jakinarazi du egunotan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lizitazio aurrekontua 8.232.820 eurokoa izango da (BEZ barne). "Egoitza berriak klima errespetatzen duen eta irizpide berde eta jasangarriak dituen eraikuntza eraginkor baten adibide praktikoa izan beharko du. Naturklimako eraikinak zero energia-kontsumo (passivhaus) eta zero igorpen izango ditu, eta arkitektura, neurriak eta instalazioak, ekonomia deskarbonizatu berrirako trantsizioaren irudia proiektatuko ditu", azaldu dute Aldunditik.

Lanen esleipena martxoan
Iragarkia argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, parte hartzaileek 30 egun naturaleko epea izango dute eskaintzak aurkezteko. Obrak 2021eko martxoan esleitu, eraikitze lanak uda aurretik abiatu eta 2023ko apirilerako amaitzea aurreikusten dute. Halere ohartarazi dutenez, "aurrekontu handiagoa izanez gero, bizkortu egingo litzateke 2022an abian jartzeko".

Aldunditik nabarmendu dutenez, Eskuzaitzetako industrialdean "Naturklima kokatzea funtsezkoa da, Eskuzaitzeta baita inguruko enpresa-poligonorik handiena, eta, gainera, industria-lurzoru erabilgarriak ditu Naturklimako egoitza berriaren ondoan".

Naturklimaren eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari izan eta foru ingurumen diputatua ere baden Jose Ignacio Asensiok aurreratu duenez, “Naturklima industria eta enpresa berde berriak ezartzearen sustatzailea izan daiteke, eta Eskuzaitzetan ekonomia zirkularrean, energia-trantsizioan eta klima-aldaketan espezializatutako enpresen eta industrien industriagune berdea sortzen lagundu”.