Amaitu da Zubietako partehartze prozesua

Erredakzioa 2020ko abe. 18a, 09:58

Amaitu da Zubietako partehartze prozesua eta emaitzak plazaratu berri dituzte. Urriaren 8tik martxan zegoen egitasmoa amaierara heldu da, eta eginiko ekarpenak gordeta geratu dira etorkizuneko Zubieta eraikitzeko.

Usurbilgo Udalak 2021ean hasieraz onartu asmo duen Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) etorkizuneko Zubieta ere marraztuko du. Horretarako ordea, aurrez zubietarrei eman nahi zieten hitza, urriaren 8an hasi eta hilabetez martxan izan duten "Guk Zubietan zer" parte-hartze prozesuaren bidez. HAPO-txertatuko dituzte orain partehartze prozesutik ateratako emaitzak eta plangintza horrek "hurrengo 10-15 urterako Usurbil marraztuko du", Udalak iragarri duenez.

 

Aginagan aurrekaria
Plangintza honen lanketaren baitan, "herriko hainbat tokitan, tokian-tokiko herritarrekin halako parte-hartze prozesuak egin izan ditu udalak". Horren adibide Aginagan bideratua duten lanketa. “Interes orokorra oinarri, herritarren ikuspuntua eta bizipenak jasotzea behar-beharrezkoa da eguneroko bizitzari eta etorkizuneko erronkei erantzungo dien planeamendu bat egiteko”, alkate Agurtzane Solaberrietaren esanetan.

Aginagan bezala, "nortasun propioa duen aldetik, gogoeta gune berezitu bat sortzea erabaki dute" Zubietan. Helburua argia da: "etorkizun hurbila zubietarrek eurek irudika dezaten". Prozesuaren nondik norakoak Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak landu dituzte. "Halaber, Donostiako Udalari ere aurkeztu diete egitasmoa: haiek HAPOa berridazteko fasean ez badaude ere, Usurbilgo Udalak abiatuko duen prozesuan interesa adierazi eta parte hartzeko konpromisoa hartu dute".