Zubietako erraustegia

GuraSOSen agerraldia gaur atzoko suteaz eta erraustegiaren funtzionamenduaz

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 13a, 07:47

GuraSOSen agerraldia gaur Zubietako erraustegiaren sutearen biharamunean. Suteari buruzko xehetasunak eskaintzekoa da. GuraSOSek aurkezturiko salaketaren haritik, azpiegitura honen "ustezko legez kanpoko funtzionamendua ikertzeko" Gipuzkoako Lurralde Fiskaltzak ireki duen ikerketa ere ahotan hartuko dute.

Atzo erraustegian izandako suteaz xehetasun gehiago, "datu berriak" emateko asmoa du GuraSOSek asteazken honetarako (urtarrilak 13) Donostian deitu duen prentsaurrekoan. Baina nobedade gehiago ere baditu; "Gipuzkoako Lurralde Fiskaltzak ikerketa ireki du Zubietako erraustegiaren ustezko legez kanpoko funtzionamendua ikertzeko", berri eman du GuraSOSek, elkarte honek berak "instantzia horren aurrean aurkeztutako salaketaren arabera". Gai honi buruzko xehetasunak ere eskainiko ditu gaurko agerraldian.

GuraSOSek salaketa aurkeztu zuen Fiskaltzan
Erraustegian antzemandako ustezko irregulartasunak argitzeko salaketa jarri zuen urte amaieran GuraSOSek fiskaltzan. Erraustegiaren jarduna etetea eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailari eta Nortegasi eta Red Electrica Españolari erraustegiaren jarduera ahalbidetzeari uko egitea. Agiriak faltsutzea, prebarikazioz jokatzea, baimenak ematea arauen aurka egin arren, jarritako baldintzak bete gabe errausten ari direla hondakinak langileen osasuna arriskuan jarrita edota ofizialki erraustegia martxan jartzea abenduaren 11n beharrezko baimenik gabe egozten die GuraSOSek Zubieta gaineko azpiegituren sustatzaileei.

Homologatu gabe martxan
GuraSOSek dio ez zituela erraustegiak guztiz martxan egoteko baldintzak betetzen. Asteotan zenbait euskal hedabideren bidez salatu duenez, erraustegiaren gasaren azpiegiturak homologatu gabe segitzen du, Nortegas enpresarekin hartuemanetan jarri ostean. Ondorioz, gezurtatu egin ditu Zubieta gaineko azpiegiturak homologatuak zeudela ziurtatzeko, erraustegia guztiz martxan jartzeko abenduaren 11ko agerraldian Ahaldun Nagusi Markel Olanok eginiko adierazpenak.

Nortegasi erraustegia gasez hornitzea eskatu zioten probaldi fasean azpiegiturak homologatzeko eta horretan segitzen du GuraSOSen esanetan, eta egun horretan segitzen du. Horrek elkarte honen ustez adierazten duena zera da, azpiegiturek ez dutela amaitu probaldi fasea, homologatu gabe daudela, eta hala hasi dela erraustegia "ofizialki" lanean. Ingurumen baimena argindarra sortzeko azpiegiturak eraikitzen amaitu aurretik eta segurtasun baldintzak betetzen direla bermatu aurretik eman zaio, araudia errespetatu gabe GuraSOSen arabera. Eta iraungita dago, aurreikusia zegoen probaldi faseko denbora tartea gainditu baitu erraustegiak.