“Aldez aurretik ordua hartzea ezinbestekoa izango da”

Erredakzioa 2021ko mar. 4a, 16:07

Herriko ikastetxeetan lanean hasi zirela badira hilabete batzuk, eta eskoletan kurtso erdira iritsi diren honetan, Usurbilgo Lanbide Eskolan ate irekiak antolatu dituzte hilaren 10erako. Datorren kurtsoa buruan izango dute zenbaitek, eta muzin egiterik ez daukaten zita izango da asteazkenekoa. Erdi mailan interesa dutenek 17:00etan izango dute hitzordua, eta goi mailakoek 18:00etan. Kontuan izan hitzordua aldez aurretik hartu beharko dela 943 364600 telefono zenbakian edota adkomunikazioa@lhusurbil.eus helbidean.

 

NOAUA! Nolakoak izango dira aurtengo ate irekiak?

Usurbilgo Lanbide Eskola: Aldez aurretik ordua hartzea ezinbestekoa izango da parte hartu ahal izateko. Printzipioz modu presentzialean egingo ditugu aurtengo ate irekiak pandemiaren egoera hobera doala ikusita. Izena ematerako orduan adierazi beharko du bakoitzak  zein ziklotan izena ematean daukan interesa, ondoren guk taldeak antolatzeko. Gisa horretara, bakoitzak interesatuta dagoen zikloari buruzko informazio zabalagoa jasotzeko aukera izango dute. Gero, ikastetxea ezagutzeko tour txiki bat antolatu dugu instalazioak ikusi ahal izateko. 

 

Datorren ikasturteari begira, hauek izango lirateke ate ireki bakarrak edo aurrerago ere antolatuko dituzue?

Gehiago ere izango dira. Normalean maiatzean egiten ditugu berriz. Lanbide Heziketako aurrematrikula ekainean izaten da, eta beraz, ordurako erabaki bat hartzeko denbora behar dute ikasleek. Joan den urtera arte maiatzean baino ez genituen egiten ate irekiak, baina orduan erabaki genuen otsailean beste deialdi bat egitea. Batxilerreko eta unibertsitateko ate irekiak ere orain izaten dira, bai eta aurrematrikula egiteko garaia ere. Orduan, interesgarria iruditu zitzaigun aukeren espektro horretan gurea ere momentu berean mahai gainean jartzea ikasleek dituzten aukera guztiak aztertu ahal izateko. Ez da erraza izaten 16-18 urterekin etorkizuna marraztea eta gisa honetako erabakiak hartzea, eta zer gutxiago informazio ahalik eta osoena mahai gainean izatea baino.

 

Zein da datorren kurtsorako eskaintza?

Erdi mailako bost ziklo eskaintzen ditugu: Administrazio Kudeaketa, Instalazio Elektriko eta Automatikoak, Hozteko eta Girotzeko Instalazioak, Beroa sortzeko Instalazioak eta Mekanizazioa. Goi mailakoak, berriz, sei dira: Administrazioa eta Finantzak, Automatizazio eta Robotika Industriala, Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa, Fluido Instalakuntzen eta Instalakuntza Termikoen Mantenua, Energia Eraginkortasuna eta Eguzki Energia Termikoa eta Energia Berriztagarriak.

USURBILGO LANBIDE ESKOLA

"Ikastetxea ezagutzeko tour txiki bat antolatu dugu, instalazioak ikusi ahal izateko"

Aurtengo kurtsoaren bigarren erdira heldu gara eta askorentzat praktikak egiteko garaia da. Oztopoak izan dituzue enpresak aurkitzeko aurtengo egoera nahasi honen ondorioz?

Martxoaren 5ean hasi dituzte praktikak aurten. Normalean baino arazo gehixeago izan ditugu enpresa asko ERTEn baitaude, eta beste asko momentu zailetatik pasatzen ari dira. Azkenean, ordea, ikasle guztientzat praktikak aurkitu ditugu. Beste batzuk, berriz, aurreko kurtso amaieratik lanean hasita zeuden jada DUALarekin. Goizez klaseetara etortzen ziren, eta arratsaldez lanera joaten ziren. Praktikei lotuta, azkeneko urtetan aukera berri bat eskaintzen hasi gara. Lehen kurtsoa hasi bezain laster praktikak egiteko aukera eskaintzen dugu. DUALaren estiloko zerbait da, baina bigarren kurtsoan egin beharrean zikloa hasi bezain laster egin daiteke. Arratsaldez sei orduko praktikak egin daitezke enpresan.

 

Aurten zer gertatu da Erasmusekin?

Aurten ez da Erasmus eskaintzarik izan, eta 2021ekoa ere ez doa aurrera. Guk apustu sendoa egin ohi dugu Erasmusen alde esperientzia hori bizi dezaten gure ikasleek eta lan esperientzia hartu. Lanbide Heziketako Erasmusa horixe izaten baita, atzerrian praktikak egitea. Joan zen urtean Erasmusik gabe geratu ziren batzuk pandemiak dena hankaz gora jarri zuenean oraindik joateke baitzeuden, beste batzuk itzuli egin behar izan zuten egun gutxiren buruan, eta tira, egoera desberdinak azaleratu ziren. Hala ere, gu lanean ari gara kanpoko erakundeekin hartuemanean Eusko Jaurlaritzak berriz ere baimenak ematean Erasmusa martxan jartzeko.

 

Kurtsoan zehar bestelako zailtasunik izan duzue?

Gizartean, orokorrean, egoera gogorra izaten ari da eta guri ere eragiten digu kontu honek. Bestealde, oso pozik gaude dena nola ateratzen ari den ikusita. Ikasturte osoa presentziala izaten ari da eta hori pozgarria da. Hala ere, kasu positiboak izan ditugu ikasle zein irakasleen artean, baina zorionez ez zaigu kasu larririk tokatu. Talde osoak konfinatuta izan ditugu, bai ikasle batzuk ere, eta zenbait irakasle ere bai. Honek guztiak, ordea, asko lagundu digu digitalizazioa lantzen eta pixkanaka zetorren joera hori azkartzen. Egoera makur honetatik irakurketa positibo hori egin dugu guk. Irakasleak konfinatuta egon direnean on line egin dituzte klaseak, eta konfinatuta egon diren ikasleek ere etxetik klaseak jarraitzeko aukera izan dute. Erronka hauei aurre egiten ari gara. Hezkuntzak deituta abenduan aste digitala egin genuen, konfinamendu berri bat suertatuz gero aurre egiteko entsegu moduko bat. Klaseak etxetik jasotzen zituzten ikasleek eta tailerreko praktikak egitera baino ez ziren hurbiltzen eskolara.