Zubietako erraustegia

GHK "ikertu" egoeran, Arkaitzerrekako iazko hondamendiagatik

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 21a, 11:59

Arkaitzerrekako iazko maiatzeko amonio isuriak eragindako hondamendiagatik Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) "ikertu" egoeran dela berri eman du GuraSOSek. Errausketaren bidea alboratu, ekonomia zirkularraren aldeko politikak sustatu, eta elkarrizketarako eta akordiorako deia egin du aipatu elkarteak, Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean astearte honetan egin duen agerraldian. 

Urtea betetzear da. 2020ko maiatzaren 7tik 10era, tarte horretan Zubietako Arkaitzerrekara isuritako amonioak ehunka arrain hil zituen. Begi bistakoa izan zen hondamendia. Hondamendi haren iturria, Zubieta gainean kokatua zegoen, erraustegiaren eremuan. Ordutik hainbat xehetasun ezagutu dira azken urtebetean. Azkena, GuraSOSek eman du ezagutzera astearte honetan, Gasteizko Legebiltzarreko ingurumen batzordean egin duen agerraldiaren harira. Aipatu batzordeak GuraSOSen parte hartzea eskatua zuen, Zubietako erraustegiaren inguruan ikertu ahal izan duena ezagutarazteko.

Agerraldi horren aurretik hain zuzen, prentsaurrekoa eskaini zuten GuraSOSeko ordezkariek Legebiltzarrean bertan, eta hitzordu horretan, Arkaitzerrekako isuriari lotutako albistea plazaratu zuten; amonio isuri hari lotuta, "Guardia Zibilaren ingurumen unitatearen ikerketa baten harira" auzia ikertzen ari den epaitegiak joan den apirilaren 12an kaleraturiko auto baten arabera, "epaitegiak GHK agertzea onartu du delituagatik ikertu gisa, aurreko Auziperatze Kriminalaren Legeak "inputatutzat" jotzen zuen posizionamendu prozesala" dela ohartarazita. 

Ikerketa honetan argitu beharreko gai nagusietako bat, GuraSOSek urtebete honetan salaturikoa da; ia Zubietako erraustegiak "funtzionamendurako beharrezko baimen guztiak izan gabe" deliturik egin ote den. GuraSOSek argi du; Arkaitzerrekako iazko maiatzeko isurketak eta larritzat jo dituen erraustegian jazotako gainerako "istripu larriak (suteak, transformagailuko leherketa eta sutea) ez dira kasualitatez gertatu, GHK-k gauzen lege ordena ez betetzeko kontzienteki hartutako erabakiagatik eta lanak amaitu aurretik eta gunearen erabilera zuzen eta segurua bermatuko zuten probak egin aurretik instalakuntza arriskutsu bat martxan jartzeagatik" baizik. 

Herri akusazio gisa jardungo du GuraSOSek auzi honetan. Horretarako 3.000 euroko fidantza eskatu dio auzitegiak elkarteari; herritarren laguntza eskatu dute kopuru hau ordaintzeko. 

Auzia ixtetik urrun
Erraustegiaren irregulartasunei lotutako ikerketa bide gehiago zabalik badirela ere ohartarazi du GuraSOSek. Epaitegi berean, aurreko diligentziatan dira "delitu ezberdinengatik, besteak beste, prebarikazioa, faltsukeria, kontratazioan izandako iruzurra edota GuraSOSek delitu ekologikoagatik aurkezturiko kereila". Ikerketa hau GuraSOSen esanetan, "geratua dago" ikerketa nork bideratuko duen desadostasunak baitaude. "Kereilatuen artean Iñaki Arriola sailburu ohia baitago", GuraSOSek zehaztu duenez.

Gertaerok argi uzten dute GuraSOSen esanetan, "erraustegia eraikita egon arren auzia ixtetik urruti da, administrazio inplikatuek sinestarazi nahi duten moduan". 

Europa beste bidetik
Europako hondakinen balorizazio energetikorako planten desegiteen testuinguruan egin duela agerraldia berri eman du GuraSOSek; "Dinamarkak mota honetako 21 planten herena itxi du, 2019an onartu zuen Aldaketa Klimatikoaren Legeagatik". Horrez gain, "Europako Inbertsioen Bankuak ekonomia zirkularretik at utzi ditu instalakuntza hauek 2019ko gidan eta Europar Batasuneko adituen batzordeak finantza jasangarrientzako ekintzen kalifikazioarekin gauza bera egin du".

Horregatik, honakoa desadostasun eta gatazka bidea alboratu eta erakunde eta gizarte zibilaren arteko akordioaren alde egiteko une  aproposena dela irizten dio GuraSOSek, "elkarrizketaren bidez akordioa lortzeko" hain zuzen, "bizi eta Ingurumen kalitatea hobetu eta etorkizun jasangarriagoa izateko".