Zubietako erraustegia

Arkaitzerrekara martxa, hondamendiaren lehen urtemuga egunean

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 7a, 07:54

Erraustegiaren eremutik isuritako amoniakoak ehunka arrain hil zituenetik urtea beteko da igande honetan, maiatzaren 9an. Martxa bana antolatu du bertara egun horretan, Usurbildik eta Zubietatik Anerreka Ingurumen Elkarteak. 

Urtea bete da erraustegiko eremutik isuritako amoniakoak ehunka arrain, tartean espezie gisa babestuak dauden aingirak hil zituenetik. Hondamendi haren urtemuga egunerako (maiatzak 9) erreka honetara martxa antolatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak.

“Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatu eta Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakariak hasiera batean ukatu egin zuen isuriaren jatorria erraustegitik zetorrela. Herritarren salaketen aurrean, ordea, amoniako-ihes bat izan zela onartu behar izan zuen, eta Guardia Zibilak baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako delituen ikerketa abiatu zuen”, gogorarazi du Anerrekak.

Hondamendi honen bueltan nahiz orohar erraustegiaren jardunari dagokionean gardentasun falta erabatekoa dela salatzen du ingurumen elkarteak. “Nahiz eta behin eta berriro goraipatzen duten erraustegiaren segurtasuna eta haren kudeaketaren gardentasuna, errealitateak kontrakoa erakutsi digu: osasun-arriskua, naturari kalteak eta informazioa ezkutatzea”, ingurumen elkartekoen esanetan.

Gauza bat esan, bestea egin
Zerbitzu publiko bati buruz ari garen arren, gardentasun falta erabatekoa dela salatzen du Anerrekak, “intzidentziak gertatzen ari dira”. Zeharka eta eskasa bada ere informazioa heltzen dela diote. “Gipuzkoako benetako aginte faktikoa osatzen duen lobby enpresarioaren zerbitzura dauden bi alderdiek osatzen duten erregimenaren aldetik”, aipatu elkartearen esanetan, “konstante bat izan da gauza bat esan eta bestea gertatzea”.

Ingurumen elkartetik gogoratzen dute, nola Europako hainbat hiriburuetan kokaturiko erraustegiak “erakargarri turistiko bezala” aurkezten zituzten, baina gero Zubietako planta “lekurik ezkutuenean kokatzea erabaki zuten”. Jarri dioten izena; Gipuzkoako Ingurumen Gunea, “co2 gehien isuriko duen industrietako bat” izango denean. Birziklatzea sustatuko zutela esan eta praktikan “gehien birziklatzen duten udalerriek askoz garestiago ordaindu” beharra izatea. Erraustegia Gipuzkoako hiri hondakinak tratatzera mugatuko zutela adierazi eta “Gipuzkoakoak ez diren industria hondakinak ere sartuko dituzte”, ohartarazi dute Anerrekatik. Kontrol jarraitua egingo dutela iragarri eta “denok dakigu kontrol jarraitua ez duela izango”.

Eta gauza bera, duela urtebete Arkaitzerrekan gertatutako hondamendiarekin ere. “URAren agentziako guardei ez zaie sartzen uzten” eta ukatu egiten da hasieran, erraustegiak zerikusirik izan duenik amoniako isurketarekin. Une hartan “aurrekoetan izandako isuriak ere aipatzen zituzten eta orduan jakin genuen hau ez zela lehen isurketa, hirugarrena baizik”.

Ahaleginak erantzunik ez
Arkaitzerrekan gertatutakoaz informazioa biltzeko hamaika ahalegin izan ditu urtebete honetan. URA agentziara jo dute behin baino gehiagotan “bi espediente” badituztela jakitun baita Anerreka, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziora (GHK), Foru Aldundira, Eusko Jaurlaritzaren Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordera, Ingurumen Sailera… Gai honetan tramitatzen ari diren espedienteetara sarbidea izateko eskubidea aitortzen zaie, “informazioa eskatu genuen eta oraindik ez digute erantzun”.

Testuinguru honetan, ageriko gardentasun faltaren aurrean, horregatik jotzen dute funtsezkotzat “herritarren kontrola”. Erraustegiaren kutsaduraren eragina neurtzeko laginak biltzen ari dira urtero. Berriki 2019ko “0 laginaren” emaitzak aurkeztu zituzten Sutegin.

Salaketa
Auzitegietan salatu zuen iaz Arkaitzerrekako hondamendia Anerrekak, Eguzki eta Zubieta Lantzenekin batera. GuraSOSek ere bai. Salaketak “bide bat egin du”.

Akusazio gisa aurrera jarraitzeko aldiz fiantza ordaintzea eskatzen diete. “Jakitun dira gurea eta gurea bezalako eragileek juxtu gabezia handiena hor izaten dutela eta horrek ezaugarritzen du zer nolako justizia dugun”. Akusazio partikular bakarra egotea exijitzen zaie gainera. Kasu honetan bi daudenez, bateratzea. Ondorioz, “honaino iritsi gara, guk ez dugu aurrera jarraituko”. GuraSOSek emango dio segida bide honi. “Gu mobilizazio sozialaren bidea jorratzen saiatuko gara”.

Ildo horretan, Anerrekak gaineratzen duenez, erraustegiak eragindako gertaera izan zela salatzeaz gain, “harago goaz, natura zaindu behar dugu”. Kasu honetan, “Arkaitzerreka hor dago, bere bizi guztia galduta, hilda. Nork ordainduko du?”. Anerrekak dioenez, “erreka hori biziberritu beharra dago eta hor arduradun batzuk daude, hori egin zutenak”. Kontzientzia hau pizteko deitu dute igandeko martxa.

Aranerreka garbitzeko deia
Aranerreka hondakinez garbitzeko auzolanera ere deitzen dituzte herritarrak. Hondakinen karakterizazioa egin asmo dute. “Lanerako gogoa eta katiuskak jantzita” eramatea eskatu dute. Auzolanerako gainerako baliabideak bertan banatuko dira. Egun horren aurretik Udalari uraren kalitatea aztertuko duen analitika bat egitea eskatuko diote. Ekimen honen bidez, “kontzientzatzeko deia egiten dugu, zenbat ur baliabide garrantzitsu eta eder ditugun herrian, ze aberastasun duen, eta ze nahitaezkoak diren kalitateko urekin egotea”. Are gehiago Artzabal parean Aranerrekak alboan duen parkea izanda. “Inguru horrek garbi eta seguru egon behar du”, Anerrekakoen esanetan.

Herritarrei eta administrazioari deia baita; “gure etxeko sukaldea txukun izatea garrantzitsua den bezala, denona den kalea txukun izateak garrantzia bera duela”. Etxeko hondakinekiko usurbildarrek erakutsitako jokabide ona, “kalean badugu gure jokabidean zer hobetua”. Aranerrekaren kasuan bezala; lehendik zeuden kontrolpetik kanpoko isurketak esaterako. Itsasoratzen diren hondakinekin eragindako kaltea “hemen hasten da” ohartarazten du Anerrekeak. “Gure jokabideak hemen nolakoak, itsasoan eragina halakoa”. Eta bistan denez, badugu zer hobetua.

Erreka osasuntsuen aldeko deialdia
Maiatzak 9, igandea
11:00 Martxak Usurbilgo frontoitik eta Zubietatik Arkaitzerrekara, erraustegitik amoniakoa isuri eta ehunka arrain hil zirenetik urtea beteko den egunean.

Maiatzak 15, larunbata
10:00 Auzolana: Usurbilgo Aranaerrekaren garbiketa Artzabal gunean. Amaieran hamaiketakoa. Katiuskak jantzita eraman.

Deitzailea: Anerreka Ingurumen Elkartea.