Sagardo Eguna

Joseba Undiano: “Onartu beharra daukat joan zen urtean baino askoz ilusio gutxiagorekin nagoela”

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 19a, 17:07

Sagardo Egunaren maitaleak ugari dira, eta Sagardoa botatzen esperientzia dutenak ia beste hainbeste. Jende mordoa animatu ohi da dozenaka sagardogileren sagardoa botatzera zapia lepoan jarrita. Zenbaitetan botila eskuan egon izan da Joseba Undiano Txikierdi auzokoa, eta beste hainbatetan edalontzia eskuan dastaketa lanetan. Urte berezia izan zen joan zena, eta aurtengoa ere ez da ohikoa izango. Horra Joseba Undianoren bizipenak:

 

NOAUA! Joan zen urtean Sagardo Eguna etxetik ospatzeko deia egin zuten. Nola ospatu zenuen zuk?

Joseba Undiano: Orduantxe utzi berri ziguten etxetik ateratzen. Lehengusua beste herri batean bizi da, eta bisitan etorria zen amonarenera, eta Sagardo Eguna ospatzeari buruz hitz egiten egon ginen. Sagardo Eguneko kartela lortu genuen, mahaiko zapia eta sagardo botila handiaren irudia, eta izebak ekarritako sagardo botilekin dena prest jarri genuen. Familia hurbilekoak elkartu ginen etxeko terrazan, alkondara zuria eta zapia lepoan, eta sagardo dastaketa egin genuen. Arratsaldean lagunekin geratu nintzen Sagardo Eguna aprobetxatuz. Lehen aldia izan zen etxetik atera ginezkenero lagunekin egoten nintzena. 

 

Urtero frontoiko zita inola ere galtzen ez duten horietakoa al zara? Zein da zure urteroko ohitura?

Bi plan izaten ditut. Batetik, sagardoa botatzera animatzen naizen urtea, eta bestetik animatzen ez naizena. Lehenengo kasuan, goizean elkartzen gara sagardoa botatzeko izena eman dugunak, eta dena prestatu ondoren botilaren bestaldetik egiten dugu sagardo eguna. Bazkaria izaten da ondoren, eta amaitzeko gainontzeko herritarrekin arratsaldean parrandatxoa egiten dugu. Horretara animatzen ez naizen urteetan, lagunekin goizean hamaiketakoa egiteko geratzen naiz hamarrak aldera txorizo eta haragi egosia jateko asmoz. Gero, frontoira joaten gara eta betiko plana egiten dugu, bazkaldu pixka bat eta arratsaldean, parranda. 

 

Zein da aurtengo plana?

Goizeko plana oraindik erabat pentsatzeke daukat, baina sagardo pixka bat edateko geratuko naiz ziur. Eguerdirako lagunekin planak egiten ari naiz, eta gure asmoa sagardotegira joatea da bazkari eder bat egiteko. Onartu beharra daukat joan zen urtean baino askoz ilusio gutxiagorekin nagoela. Luze doa urtea. Joan zen urtean pentsatzen genuen hura izango zela urte berezi bakarra, eta beste modu batera egin behar izan bagenuen ere ilusioz hartu genuen, aurtengoan dena urtero moduan izango zelakoan. Aurten, ordea, lehengo urteko lepotik burua. Hala ere, ahal den moduan, baina ospatuko dugu.