2020-21 denboraldiko Enrique Abril Errebote Txapelketa bertan behera

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 3a, 09:28

Pandemiak eraginda oraindik amaitu ezinik ziren txapelketa bertan behera uztea erabaki dute aurtengoz. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa hurrengo denboraldikora begira da jada.

Bizi dugun osasun krisialdiaren eraginak ez du oraindik amaierarik, herri bizitzan besteak beste. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak jakinarazi berri duenez, bertan behera uztea erabaki dute 2020-21 denboraldi honetan jokoan zen Enrique Abril Errebote Txapelketa. Erabakia irmoa dela zehaztu du federazioak, behin betikoa. 

Oraindik zenbait neurketa jokatzeke zituzten, baina "pandemiaren eraginez partidak jokatu ahal izateko datarik ez dagoenez eta txapelketa amaitzeko zailtasunak daudenez", aipaturikoa, denboraldi honetako ekimena bertan behera uztea erabaki dute.

Baina ez hurrengo edizioa, datorren txapelketara begira baita jada federazioa. Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, 2021-22 denboraldirako inskripzio epea laster zabaltzekotan dira. Halaxe iragarri berri dute. "Laster zabalduko dugu izen-emate epea 2021-22ko Enrique Abril Txapelketarako". Eragozpenik gabe jokatu ahal izatea espero dute. "Datorren denboraldikoa normaltasun osoz jokatzeko itxaropenez", da aipatu moduan, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa.

Finala berez, iazko urrian
57. edizioa zuen jokoan Enrique Abril errebote txapelketak. 8 talde ari ziren bi multzoetan banatuta, tartean Zubieta. Lehen faseko neurketak itzuli bakarrera jokatzen hasi ziren irailean. Urrian finalerdiak eta finala ospatzea aurreikusia zuten. Covid19aren hedapena nabarmen hazi zen asteetan hain zuzen.

A MULTZOA
Noizbait 1 (Hazparne, Lapurdi)
Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi)
Behar Zana (Villabona, Gipuzkoa)
Txost (Oiartzun, Gipuzkoa)

B MULTZOA
Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa)
Noizbait 2 (Hazparne, Lapurdi)
Sarako Izarra (Sara, Lapurdi)
Kapito Harri (Ustaritze, Lapurdi)