Zubietak alkate berria gaurtik

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 15a, 07:28

Ohi bezala, 2019-23 legealdia erdibidera heltzearekin batera, alkatez aldatzera doa Zubieta. Kargu aldaketa astearte honetan (ekainak 15) 19:00etan Kaxkapen deitu duten ekitaldian gauzatuko dute.

Berriki, maiatzaren 26an bete ziren bi urte azken udal hauteskundeak ospatu zirenetik Usurbilen, eta baita Zubietan Herri Batzar berria osatzeko bozketa egunetik ere. Lau urteko legealdia erdibidera heldu den honetan, ohitura den moduan, aldaketa dator Zubietara. Legealdia bitan zatitua izaten dute; Usurbil aldean hauteskunde egun hartan zubietarren babes gehien jasotako hautagaia izendatu zuten alkate urte hartan bertan, uztailean egin zen kargu hartze ekitaldian; Haritz Arrizabalaga.

Bi urtez izan da alkate; eta orain kargua, Donostialdeko zubietarrei dagokie. 2019ko maiatzaren 26ko hauteskunde egunean bozka gehien Jon Arroyok jaso zituen. Honenbestez bera izango da, datozen bi urteotan, hau da, 2023ko maiatzeko hauteskundeak ospatu arteko bide honetan, Zubietako alkate berria. 

Kargu hartze ekitaldia ere finkatu du Zubietako Herri Batzarrak. Astearte honetan izango da, ekainaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan Zubietako Kaxkapen. Ekitaldian parte hartzekoak dira Haritz Arrizabalaga egungo alkatea, kargua hartuko duen Jon Arroyo, Donostiako alkate Eneko Goia eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta. 


2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeetako emaitzak
Usurbilaldean:
Haritz Arrizabalaga 81 boto.
Urtzi Alberdi 41 boto.

Donostialdean:
Jon Arroyo 63 boto.
Eneko Izagirre 46 boto.
Ignacio Izagirre 44 boto.

BATZARRAREN FUNTZIOAK
1-Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea Donostiako eta Usurbilgo Udalei.
2-Udal Zerbitzuak aholkatzea beraien gain jartzen dituzten gaietan.
3-Donostiako eta Usurbilgo udaletan, bai elkarrekin bai banandurik, aztertuak izango diren proposamen zehatzak egitea.
4-Azterketa eta proiektuei buruz Udalek erabakiko dituzten akordioak beteak izan direla ziurtatzea.
5-Udalek Batzarrari eskuratuko dizkieten fondoak administratzea eta haien kontu zuzena ematea, alegia, Batzarraren eta auzoko zerbitzu publikoaren mantenimendurako eta bere gain jartzen dituzten ekintza eta obra txikietarako fondoak administratzea.
6-Donostiako eta Usurbilgo Udalek bere gain jartzen dituzten beste edozein ahalmen.