Usurbilkultura.eus

San Juan bezperako Zubietako "Akelarre" film proiekzioan izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 21a, 08:50

Astelehen hau duzue, ekainaren 21a, Zubieta Lantzenek hilaren 23rako 22:00etan Zubietako errebote plazan antolatu duen film proiekziorako usurbilkultura.eus plataforman izen emateko azken eguna.

"Euskal Herria, 1609. Eskualdeko gizonak itsasora joan dira. Herrixkako beste neska batzuekin batera, Anak festa batean parte hartuko du basoan. Rostegi epaileak neskak atxilotuko ditu sorginkeria egotzita; izan ere, erregeak eskualdea purifikatzeko ardura eman dio. Akelarreari buruz dakitena aitortu dezaten beharrezkoa den guztia egingo du. Akelarrea zeremonia magikotzat zeukaten, Deabruak mendekoekin harremanak izateko baliatzen zituela uste zuten".

Hortxe abiatzen da "Akelarre". Pablo Agüerok zuzendu eta 2020. urtean estreinatu zen filma Zubietan izango dugu ikusgai asteazken honetan, ekainaren 23an, gaueko 22:00etan hasita errebote plazan. 5 Goya sari edota Feroz sarietarako 6 izendapen eskuratu zituen ikus-entzunezkoaren proiekziora joateko izena aurrez eta doan bideratzeko azken eguna duzue gaurkoa, ekainaren 21a, usurbilkultura.eus atarian. Zubieta Lantzenek antolaturiko hitzordurako 100 lagunentzako lekua izango da. 

Eskea Kalezarren barrena
Ez dira ohiko festak izango, baina egungo osasun krisialdira egokitutako kultur ekintzekin Kalezar girotuko dute San Juanek ekainaren 23tik 27ra. Kultur Birara batu den zikloa, tradizio luzeko ohitura berreskuratuz abiatuko dute; San Juan bezperako eskearekin. Hilaren 23an noski. 

Ohi bezala, bazkalostean irtetekoak dira etxez etxe. Betiko ibilbidea osatu asmo dute, bertsolari eta trikitilariak bidelagun dituztela. Geldialdiak bizilagunekin adostu asmo dituzte aurrez, etxeetara deituta eta eskea etxe atariotara joatea nahi duten galdetuta. Irizpide honen arabera zehaztuko dute ibilbidea. Bisitatzen dituzten etxe atariak, segurtasun neurriak hartuta egingo dute.

Iaz bezala, aurtengoan ere ez da Jai Batzordeak antolaturiko San Juan surik izango, “jendea pilatzeko arriskua” ikusten baitute. Kontuan izan gainera, antolakuntzak gogorarazi moduan, 2019ra arte sua Pikaola inguruan pizten zutela, egun babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen ari diren eremuan. Kalezarko “plaza txikiegia” litzateke Jai Batzordearen esanetan. Aipatu moduan, ondorioz, “Jai Batzorde bezala ez dugu antolatuko”.

Ekainaren 23tik 27ra Kultur Biraren baitan ospatuko diren Kalezarko San Juanetako ekintzen berri web orrialde honetako "Agenda" atalean jaso dezakezue.