Kultur eta kirol zikloa

Sokadantzara lotu dira zubietarrak

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 25a, 14:06

Bigarren urtez herriko jairik ez Zubietan, baina festen egun nagusia behar lukeen uztailaren 25 honetan sokadantza ospatu dute errebote plazan, hilabete amaierako bi asteburuetarako antolatu duten kultur eta kirol zikloaren baitan.

Uztailak 25 ditu gaur; pandemian egongo ez bagina, Zubietako herri jaien ospakizun nagusien eguna izango zen igande hau. Covid19-ak ordea festak antolatzea eragotzi du bigarren urtez segidan. Halere, iaz bezala, alternatibarik aurkitu dute zubietarrek; kultur eta kirol zikloa antolatu dute uztaileko azken bi asteburuetarako. 

Larunbateko mendi martxa, mus txapelketa eta lehen kontzertu gauaren ondotik, Santio egun honetako tradizioa bete dute igande eguerdi honetan errebote plazan: sokadantzaren bueltan bildu dira zubietarrak. Irudiotan bildu dugu ekitaldia. Herri kirol erakustaldia eta bertso saioa iragarri dituzte arratsalde parterako.

ZUBIETAKO EKINTZAK
Uztailak 25, igandea
17:30 Herri kirol erakustaldia:
Aizkolariak: Hodei Ezpeleta eta Aratz Mugerza.
Harrijasotzailea: Joseba Ostolaza.
20:00 Bertsolariak: Ane Labaka, Jon Martin, Beñat Lizaso, Mantxi.
Gai jartzailea: Zortzitan Bertso Eskola.

Uztailak 31, larunbata
10:30 Meza.
10:30 Errebotea, Euskal Herriko Finala (kadeteak).
16:00 Joko Garbi, Euskal Herriko Finalak: umetxoak, kimuak, gaztetxoak.
17:00 Azoka.
23:30 Kontzertuak: Ameba, Rodeo.