Demode Quartet taldekoen "Epa" emanaldia gaur Zubietan

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 10a, 08:00

Musikaz blaituko dute Zubietako errebote plaza ostiral honetan, irailaren 10ean, Demode Quartet taldekoek. Sarrerak eskuratzeko izen emateko epea asteazkenean itxi zuten usurbilkultura.eus plataforman. Baina adi: sarrera egokitu zaizuenok, ordainketa ekitaldi gunean bertan bideratu beharko duzue.

Joli Pascualena, Mikel de la Fuente, Iker Huitzi eta David Rosco laukoteak girotuko du iraileko bigarren ostiral hau, hilaren 10a Zubietan. "Epa" ikuskizunarekin datoz Demode Quartet taldekoak. Argi diote aurrerapenean, hitzordu honetan, "euskal “esentzia”k eragina izan duela munduko gainontzeko kulturetan" eta horixe frogatu nahiko dute errebote plazan eskainiko duten saioarekin.

Hitzordua Zubieta Lantzen elkarteak antolatu du. 100 lagunentzako lekua egongo da. Sarrera bakoitzak 10 euro balioko ditu. Emanaldirako izena irailaren 8a baino lehen bideratu beharra zegoen, usurbilkultura.eus plataforman. Baina adi; izena eman eta sarreren zozketa egin ostean, emanaldi lekuan bertan egin beharko da sarreren ordainketa, antolakuntzak ohartarazi duenez.

Albiste honi atxikitako taldearen bideoan duzue, ikusi eta entzun ahalko duzuen emanaldiaren aurrerapentxo bat.

Demode Quartet Zubietan: "Epa" ikuskizuna
Eguna: irailak 10, ostirala.
Ordua: 18:30.
Tokia: Zubietako errebote plaza. Euria eginez gero frontoian.
Zehaztasunak: "Demode Quartet taldeari zerbaitek esaten dio euskal “esentzia”k eragina izan duela munduko gainontzeko kulturetan. Erabat seguru daude countryaren, jazzaren, sanbaren, bollybodaren edo pop modernoaren jatorria Euskal Herriko mendi, portu eta haranetan bilatu behar dela. Horixe frogatu nahiko digute EPA ikuskizunarekin ... A ze beldurra!".
Edukiera: 100 lagun.
Izen ematea: irailaren 8ra arte usurbilkultura.eus plataforman. 
Sarrera: 10 euro. Egokituz gero, ikuskizunaren egunean bertan eskura ordaindu beharko da.
Antolatzailea: Zubieta Lantzen.