Euskararen Eguna

"Herri Txiki, Infernu Handi" Zubietan

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 3a, 09:10

Euskal Telebistako saio ezagunak Zubietan grabaturikoa erakutsiko du datozen hilabeteotan. "Herri Txiki, Infernu Handi"-ren azken irudiak ostegun iluntzean bildu zituzten Zubietako frontoian.

Herri eta auzoez osaturiko udalerria dela Usurbil, argi geratu da beste behin. Ikusi besterik ez baitago Euskal Telebistako "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko lan taldeak inguruotara zenbat joan etorri egin dituen azken urteotan. Hirugarrenez egon da gure artean; oraingoan Zubietan. Gogoan izan, duela bi urte, 2019. urte amaieran Usurbilen grabatu zuten saioa. Eta urtebete lehenago, 2018ko udazkenean Aginagan. Aipatu moduan, Zubietan izan dira telebista saiokoak azken asteotan. Hainbat herritarren lekukotza eta irudiak bildu dituzte. Azken grabaketa saioa bart egin dute, ostegun iluntzean Zubietako frontoian. Ondoko irudiotan grabazioaren hasiera, saioko aurkezle Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadirekin.

"Herri Txiki, Infernu Handi"-k Zubietari eskainitako saioa aurrerago ikusi ahalko da Euskal Telebistaren lehen katean. Asteazken gauean plazaratzen dute gaueko 22:30etatik aurrera.