Zubieta, igandeko ETB-ren "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 15a, 08:39

Azaroan zehar Zubietan grabatutako irudi eta lekukotzak ikusi eta entzuteko aukera izango dugu ETB1-eko saioan, igande gaueko 22:15ean.

Udazkenean grabatu zutena, labetik ateratzear dute. Azaroan zehar Zubietan izan ziren ETB-ren "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko lan taldekoak, herriaren nahiz herritarren irudi eta hitzak biltzen. Azken grabazioa abendu hasieran egin zuten frontoian. Ordutik, bildutako materiala txukuntzen aritu dira eta erakusteko garaia heldu da.

Zubieta izango da igande honetan, urtarrilaren 16an ETB-ren "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko protagonista. Igande gaueko 22:15ean hasita eskainiko dute saioa, ohi bezala Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik aurkeztuta. Albiste honi atxikiak dituzue ETB jada iragartzen hasi den saioan ikusi ahalko ditugun lehen irudiak.

Euskal Telebistatik aurreratu dutenez, "Pagadik ezagutuko dituen Zubietako auzokideen artean, Txirritaren bertsoekin identifikatuta sentitzen den Unai gaztea, bi metro baino gehiago neurtzen duen Manolito auzokidea, Bugati erretegian begiak itxita oilaskoak prestatzeko gaitasuna duen Nartxi, eta Miriam errebotean aritu den lehen neska topatuko ditugu. Zuhaitzek, bestalde, Zubietak mantendu duen errebotearen tradizioaz arituko da Jonekin, bizikletaz mugitzen den 88 urteko Maritxuren egunerokoa ezagutuko du, Maria Jesusekin baserriko lanetan parte hartuko du eta Anderrekin Instagramen modan dagoen challenge bat egingo du crossfitean entrenatzeko".

Hirugarrenez inguruotan
Herri eta auzoez osaturiko udalerria dela Usurbil, argi geratu da beste behin. Ikusi besterik ez baitago Euskal Telebistako "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko lan taldeak inguruotara zenbat joan etorri egin dituen azken urteotan. Hirugarrenez egon da gure artean; oraingoan Zubietan. Gogoan izan, duela bi urte, 2019. urte amaieran Usurbilen grabatu zuten saioa. Eta urtebete lehenago, 2018ko udazkenean Aginagan. Aipatu moduan, Zubietan izan dira telebista saiokoak azken asteotan.