2022-23 ikasturterako matrikulazioa

Zubietako Eskola: “Ez dago garapen egokirik jolasik gabe”

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 25a, 09:57

Adin aniztasuna oinarrizko balore izanik, osasun krisialdiak behartuta “ia eskola berri bat berrasmatu” behar izan dutela adierazi digu Zubietako Eskolako zuzendari Jugatz Illarramendik. Haurrek garapen osasuntsua izateko eskubidea bermatzearen garrantzia azpimarratu dio NOAUA!ri lerrootan, 2022-23 ikasturterako matrikulazio epea zabaldu berri den honetan.

Zer du eskaintzeko Zubieta eskolak matrikulatzera datorrenari?
Jugatz Illarramendi: Aurtengo Hezkuntza Sailak zazpi plaza eskainiko ditu eta horiek lehenbizi zubietarrekin beteko dira eta gero datozenekin. Matrikulatu kopuru altua zekarrela ikusita Hezkuntza Sailak zubietarrak eta ikasle zirenen anai-arrebak bakarrik onartzea erabaki zuen. Desadostasuna eta haserrea sortu izan du gai honek batzuetan plaza batzuk hutsik uzteko aukera ahalbideratzen baitzuen. Eskolak, Herri Batzarrarekin, guraso elkartearekin eta Usurbilgo Udalarekin lanketa handi bat egin ondoren Hezkuntza Sailari plaza horiek betetzea eskatu genuen, zubietarrak lehenetsiz baina zubietarrek betetzen ez zituztenean inguruko herrietakoen eskaerekin bete ahal izatea. Geroz eta jende gehiago gerturatu zaigu, interesa sortu duen proiektua da. 64 ikasle gaude aurtengo ikasturtean. Inguruko herrietako jendea etortzea aberasgarria izan arren, guk ere aldarrikatzen dugu Zubietako eskola zubietarrentzat izatea eta eskola txikia izaten jarraitu nahi dugu.

Txikitasun hori balore duzue eskolan.
Gu ez gara ohiko eskola bat tamaina txikiagokoa, gure baloreak beste batzuk dira; oinarrizkoena adin aniztasuna da, guk benetan sinesten dugu haurrak elkarrekin ikasten dutela eta adin desberdinetako haurrek elkarri eragiteko aukera asko dituela. Covid19-ak izugarri eragin du gure baloreetan. Bi adin tarteka elkartu ditugu gelaka baina ez da nahikoa guretzako, ezinbestekoa zen LH 6koak 3 urtekoekin elkarrekin egotea egunero. Ondorioz ia eskola berri bat berrasmatu behar izan dugu. Egia da bestalde, gure beste baloreetako bat herrian elkarreragitea dela eta horretan ez dugu aldaketarik egin behar izan.

Herrian erabat txertatutako eskola baita.
Guk beti diogu gu ez garela irakasleak, bai egoera batzuk sortzeko bidelagunak. Ikasleen interesatik abiatuta planteatzen ditugu gaiak, dakien horrengana jotzen dugu eta hura etortzen da eskolara. Pandemian bideodeiekin moldatu gara.

Nola bizi du eskolak bi urteotan etengabe egokitu behar hau?
Pozik gara eskola irekita izan eta haurrak eskolan ditugulako. Guretzat helburu nagusia hori zen, haurrak eskolan izatea jasan duten erasoaren ostean. Haurrek elkarrekin egotea, jolastea, haur bakoitzak dituen gaitasunen garapen egoki baterako ezinbestekoa da. Ez dago garapen egokirik jolasik gabe eta ahazten zaigu. Eskola edukiak transmititzeko gune bat baino askoz gehiago da, jolasa, eta elkar eragitea da. Jolasten ikasten dute, sinbolizatzen dute, helduon mundua erreproduzitzen dute. Elkar zaintza hori oso modu naturalea ematen da hemen, baina elkarzaintzarako gune errealak eskaini behar dira. Oso txintxo egon gara bi urteotan baina aldarrikatu behar dugu gure haurrek eskolan egon behar dutela.

Zuen ikuspegitik nola tratatu dira haurrak?
Haurrak pandemian erresolutiboak izan direla diotenean asko haserretzen naiz, haurrei ez zaie beste aukerarik eman. Gizarte kritiko eta autonomo bat nahi dugu, baina hori guk eraikitzen dugu, guk transmititzen dizkiegu balore horiek baina ez diegu horretarako aukerarik eman. Kudeatzeko gaitasunik izan ez duten beldurra transmititu zaie. Derrigortu ditugu modu batera isilik eta txintxo egitera. Ez dira haien beharrak entzun ezta errespetatu ere. Eta txalotu egin ditugu protestarik egin ez dutelako. Txalotuko nituzke haserretuko balira. Haien eskubide nautralak (jolasa, elkar eragina…) aldarrikatuko dituen gizarte bat nahi badugu ezin dugu aldarrikatu haurrak txintxo egotea etxean. Helduok balore horiek txalotzen ditugunean hausnartu beharko genuke zer balore ari garen transmititzen eta ze gizarte esaneko nahi dugun. Haurrek gehiago protestatu eta helduok gehiago entzun behar genuke. Halere, ez da hain erraza izango pandemian desaktibatu ditugun ikuspegi kritiko, hausnarketarako eta autonomiarako gaitasunok berriz piztea.

LH ziklo osoa martxan duzue jada, egonkortuta?
Iaz izan genuen lehenbiziko aldiz 6. mailako taldea, adin aniztasunean sinesten dugunontzat izugarrizko lorpena izan da. Adin aniztasunaren aberastasuna hor ikusten da. Gurekin 6. maila egiteko gugan sinestu zuten familientzat esker hitzak baino ez ditugu, izugarrizko indarra eman ziguten gure profesionaltasunean sinestu eta gure proiektua sendotzeko. Oso pozik gara baita zenbat familia gerturatzen diren gure proiektuarekiko interesa agertzera.