"Goazen kalera"

Gaurkoan, osteratxoa Aginagan

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 23a, 08:30

Duela astebete sendotuta itzulitako "Usurbil, goazen kalera" osteratxoa Aginagan egingo da astearte goiz honetan.

"Ariketa fisikoa egin eta komunitate izaera sustatzeko aukera  eskaintzen digu Usurbil, Goazen Kalera ekimenak. Izan ere, belaunaldi artekotasunaz gain, elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzeko aukera emango digu", diote ekimen honen bultzatzaileek.

Bidean da "Usurbil, goazen kalera" ekimena. Sendotuta itzuli da zen duela astebete. Izan ere, eragile gehiagoren lankidetzaz sustatuko dute egitasmoa aurrerantzean, Usurbilgo herri eta auzo ezberdinetan gainera. Eta aldaketa nabarmenena; denontzat izango da. Herritar orok parte hartu ahalko du hemendik aurrera, asteartero egingo diren paseoetan. 

Albiste honi atxikitako irudikoak, ekimen honen itzulerako estreinako ibilaldian parte hartu zutenak dituzue. Aterkiak eskuetan, gogotsu ekin zioten Mikel Laboa plazatik gorantz abiaturik saioari. Kalezarko  itzulia osatu zuten, bidelagun izango dituztenekin batera. Izan ere, Usurbilgo auzo eta herri bakoitzeko eragileak izango dira antolaketa lanetan jardungo dutenak astero. Iragan astean, Kaxkoan barrena abiatu zuten ordubete pasatxoko ibilaldia eta bidelagun Udarregi ikastola eta Gure Pakea elkartea izan zituzten. Aginagarrak izango dituzte bidelagun gaurkoan. Baita Oinarrizko Lanbide Heziketakoak ere. Haien eskutik dastatzen dute eta, paseoaren amaieran, mokadutxoa.

Ekaina amaierara arteko ibilaldien egutegia finkatu dute dagoeneko:

"Usurbil, goazen Kalera"
Maiztasuna: astean behin.
Noiz: asteartero.
Ordutegia: 10:00-11:30.
Abiapuntua eta helmuga: tokian tokiko frontoia. 
Iraupena: momentuz, ekaina amaiera arte, irailean segida eman asmo diote.
Egutegia: apirilaren 23an Aginagan, hilaren 30an Usurbilgo Kaxkoan, maiatzaren 7an Santuenean, maiatzaren 14an Usurbilgo Kaxkoan, maiatzaren 21ean Usurbilgo Kaxkoan (ekintza berezia), ekainaren 4an Zubietan, ekainaren 18an Usurbilgo Kaxkoan.
Antolatzaileak: Gure Pakea, Gure Elkartea eta Arrate elkarteak, Udarregi ikastola, Aginagako eta Zubietako eskolak, Usurbilgo Udala, Oinarrizko Lanbide Heziketa.