Liburuaren Eguna, Aginagako eskolan

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 2a, 08:35

Argazkiak: Aginagako eskola.

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu zuten iragan astean Aginagako eskolan.

"Liburuaren Nazioarteko Eguna urte guztian aplikatzen saiatzen bagara ere, aste honetan bereziki gozatu dugu liburuen mundu magikoan", berri eman diote NOAUA!ri Aginagako eskolatik helarazitako oharrean. "Donostiako eta Usurbilgo liburutegiak bisitatu ditugu,  ikasleekin batera liburu sorta erostera joan gara, familian ihes gela digitalean parte hartzeko aukera egon da, irakurri egin dugu, ilustrazioaz gozatu dugu, ipuinak entzun ditugu...eta gainera Yolanda Arrietak oparitutako liburu batekin joan gara etxera", azaldu digute pozarren.

Sutegi udal liburutegia aipatuta, Liburuaren Hilabetea igaro berri dute bai, baina bertan iragarritako ekintzek ez dute etenik izango datozen asteotan. Datorren hamabostaldirako, irakurketa solasaldia antolatu dute, baita Idoia Torregarai Martija herrikidearen “Mikroipuinak” liburuaren aurkezpena ere.

Liburuaren hilabetea
Maiatzak 8, asteazkena
18:00
Irakurketa solasaldia LH6ko gaztetxoentzat, Yolanda Arrietaren eskutik. Mariasun Landaren “Galtzerdi suizida” liburua hartuko dute ahotan. Aleak eskuragarri liburutegian.

Maiatzak 15, asteazkena
19:00
Idoia Torregarai Martija herrikidearen “Mikroipuinak” liburuaren aurkezpena.

Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.