Sarek deitutako elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 26a, 09:07

Martxoa amaierako jaiegunak tarteko izandako etenaldiaren ostean, hileroko azken ostiraletako mobilizazioa deitu du Sarek gaurko.

Apirileko azken ostirala gaurkoa, mobilizazio eguna beraz. Sarek deituta, elkarretaratzea egingo da iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Azken asteotan Euskal Herri mailako Sarek bi egun nabarmendu ditu mobilizazio ezberdinen bidez. Batetik, apirilaren 7a Osasunaren Nazioarteko Eguna izan zen. Sarek espetxean larriki gaixo direnak ekarri zituen gogora. "Salbuespenezko espetxe politika guztiz amaitzearen garrantzia azpimarratzera gatoz eta larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dutela errepikatzera. Denoi dagokigu egoera hau aldatzea eta arduraz jokatu dadin eskatzea; bai kalean, bai eta instituzioetan ere. Elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidea elkarrekin egin dezagun", galdegin zuen Sarek.

Zenbait datu plazaratu zituen. "Gutxi gorabehera 80 euskal presok 20 urte baino gehiago daramate espetxean, eta horietako seik 30 urte baino gehiago". Saretik gogorarazi zutenez, "duela gutxi, Luis Rojas Marcos psikiatrak hau esan zuen: “20 urtetik gora, edozein presori espetxealdiak, narriadura fisiko eta psikiko itzulezinak sortzen dizkio”.

Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperatan, bestalde, Parisen eginiko Bakegileen aurkako epaiketaren harira mobilizazioak egin zituen Sarek Euskal Herriko hiriburuetan. "Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry absolbitzea eskatzen dugu. Absoluzio hori Euskal Herriko gatazka armatuaren ondorioei heltzeko determinazioa eta gure historian kapitulu berri bat irekitzeko borondatearen zantzu argia izango litzateke", adierazi zuten Sarek.