12. Dantza Eguna

Herria, dantza giro betean murgiltzear

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 26a, 09:15

Larunbatean ospatuko den Dantza Egunaren atarian da Usurbil.

Eguerditik goizaldera dantza batean biziko dugu larunbat hau, Orbeldikoen 12. Dantza Egunaren eskutik.

Egunpasa ederra iragarri dute; hasteko, tranpaldo irekia. Laugarren edizioa berrikuntzekin dator. Izan ere, dantzaz gain, gainerako arte diziplinei ere lekua egiteko deia egin zieten parte hartzaileei. Ekimenean parte hartzera animatu direnen sorkuntza lanen emaitza, ate joka datorkigun Dantza Egunean ikusiko dugu. 

Kantu-bazkaria
Olanoeneko plazan herriko hainbat artista bere doaiak jendaurrean partekatzen ariko diren une berean irtengo dira kalez kale Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoak. Hilero moduan, azken larunbatarekin bat, kantu-jiran batuko dira. Aurreko hilabeteko hitzordua berezia izan zen; Pantxo eta Peioari eskainitakoa, ezusteko eta guzti; omenduetako baten parte hartzearekin aritu ziren abesten.

Larunbat honetako kantu-jira ere ezohikoa izango da, helmuga, Askatasuna plazan izango baitu. Kantu-bazkaria iragarri dute Orbeldikoekin lankidetzan. Otordurako txartelak Artzabalen eskuratu ahalko dituzue aldez aurretik. 

"Borobil"
Eguerdian, kantu-jira, eta bazkalostean, dantzarien bira herrian barrena. Arratsalde partea girotuko digute Orbeldiko kideek. Gero, Donostiako Bamboo Dance dantza eskolakoek erakustaldia egingo dute Olanoeneko plazan.

Gauerako lekua hartu frontoian. Goraino betetzen duten estreinaldi eder baten lekuko izango da beste behin, Usurbilgo herria. Herrian bertan, bertako artistekin (dantzariak, musikariak, antzezleak eta atrezzoa) hilabeteotan ondutako "Borobil" ikuskizuna plazaratuko dute. Eguna, hasi bezala, dantza betean amaitzeko, erromeria Bide Batez taldekoekin.   

12. Dantza Eguna
Apirilak 27, larunbata
12. Dantza Eguna
12:00 Tranpaldo irekia Olanoeneako plazan.
14:00 Kantu bazkaria Askatasuna plazan. Txartelak Artzabalen salgai.
17:00 Dantza kalejira.
18:30 Bamboo Dance erakustaldia Olanoeneako plazan.
22:00 BOROBIL ikuskizuna.
Jarraian, Bide Batez erromeria.

Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.