#E9

Europako hauteskundeei lotutako bi data berri finkatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 30a, 10:16

Ekainaren 9rako deituak dauden Europako hauteskundeei begirako bi hitzordu berri finkatu dira. Batetik, posta bidezko botoa emateko epealdia egun bat luzatzea erabaki du Hauteskunde Batzorde Zentralak. Bestetik, Usurbilgo Udalak finkatua du egun horretan lan egitea egokituko zaien herrikideak hautatzeko zozketa eguna ere.

Ekainaren 9ko Europako hauteskundeetara bidean goaz. Egunek aurrera egin ahala, prestaketa lanak ere aurrerabidean dira. Deialdi honi lotutako bi data berri zehaztu dituzte egunotan. Batetik, dakizuenez, zabalik da posta bidez botoa ematea eskatzeko epealdia maiatzaren 30era arte. Modu honetan bozkatzea erabakitzen dutenak, maiatzaren 20tik aurrera hasiko dira dokumentazioa jasotzen. Jaso ahala, botoa emateko aukera izango dute tramitazio hau egoki bideratu dutenek. Berez, ekainaren 5era arteko tartea zehaztu zuten botoa modu horretan emateko. Baina Hauteskunde Batzorde Zentralak epealdi hau egun bat luzatzea erabaki du, hilaren 6ra arte, beraz.

Bestalde, ekainaren 9an hauteslekuetan lan egitea egokituko zaien herrikideak zozketa bidez erabakiko dira. Zozketa ohi bezala, udalbatzak egiten du osoko bilkuretako batean. Datorren saioa, izatez maiatzaren 31n egokituko da. Baina zozketa egiteko epealdia lehenago dago finkatua, hilaren 11tik 15era. Horregatik, iragan osteguneko osoko bilkuran, zozketa maiatzaren 14an egitea erabaki zuten, goizeko 9:30etan. Programa informatiko batek ausaz egingo du aipatu zozketa. Hortik aurrera, ohi bezala, udaltzainek helaraziko dizkiete jakinarazpenak hauteslekuetan lan egitea egokituko zaien herrikideei.

Bada kontuan hartzeko azken ohar bat. Donostialdeko Hauteskunde Batzordeak kanpainarako ekitaldiak egiteko "lokal ofizialak eta leku publikoak" finkatu ditu. Usurbil eskualde horretan denez, udalerri honen kanpainako hitzorduok non egin ahalko diren jakinarazi du aipatu batzordeak, astearte honetako, apirilaren 30eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Lokalei dagokienean, ekitaldiotarako Sutegi, Potxoenea, Artzabal edota Santueneako udal lolaka baliatzea baimendu dute. Kaleko espazioei dagokienean, Kaxkoko, Santueneko, Aginagako eta Zubietako frontoietan nahiz Askatasuna plazan egin ahalko dira ekitaldiok.

Prestaketak martxan
Honenbestez, udaberri honetako bigarren hauteskundeei begirako prestaketa lanak abian dira ofizialki:
-Apirilak 16-maiatzak 30: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera.
-Maiatzak 8: hauteskundeetara aurkezturiko hautagai-zerrendak argitaratuko ditu Estatuko Aldizkari Ofizialak.
-Maiatzak 14, 9:30: mahaikideak hautatzeko zozketa udaletxean (maiatzaren 18ra arte jakinarazpenak heltzeko tartea).
-Maiatzak 13: hauteskundeetara aurkezturiko hautagai-zerrenden aldarrikapena Estatuko Aldizkari Ofizialean.
-Maiatzak 20-ekainak 2: posta bidez botoa ematea eskatu dutenek beharrezko dokumentazioa jasoko dute.
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 6ra arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, jada martxan dagoen https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.