Udalak ikasgela zabalduko du berriz DYAren egoitzan

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 30a, 07:13

Urte hasieran egin zuten moduan, ikasleen azterketa garaia tarteko, behin-behineko ikasgela zabalduko du Usurbilgo Udalak, maiatzaren 2tik aurrera DYAk Munalurran duen egoitzan.

Ikasteko txoko lasaia zabalduko du berriz Usurbilgo Udalak, etzitik, maiatzaren 2tik aurrera. Izan ere, ikasleak azterketen garaian murgiltzera doaz eta hauek prestatzeko leku egoki beharrean ere izango da bat baino gehiago. Horregatik, urte hasieran egin zuen moduan, berriz ere ireki egingo du Udalak DYAk Munalurran duen egoitza, ikasgela gisa. Ostegunetik, maiatzaren 2tik aurrera izango da zabalik, egunero, maiatza eta ekainean zehar, astelehenetik igandera, 8:00-22:00 artean. 16 lagunentzako lekua egongo da bertan, Udaletik jakinarazi dutenez.

"Ikasgela irekitzen den bigarren aldia izango da. Lehenengoaren ostean, 2024ko urtarril amaieran, erabiltzaileek gelaren balorazio positiboa egin zuten. Hobetzeko proposamenen artean, hain zuzen ere, gela igandeetan ere irekitzeko aukera aipatu zuten, besteak beste". Honenbestez, orain, aipatu moduan, urte hasieran baino egun bat gehiago irekiko da (lehen igandeetan itxita egoten zen, astelehenetik larunbatera zabaltzen zuten) eta ordutegi zabalagoa izango du, bi ordu gehiago hain zuzen.

DYAk Munalurran duen egoitzak Sutegik erantzun ezin dien hainbat erabiltzaileen beharren behin-behineko irtenbide gisa proposatu du Udalak bigarrenez aipatu aldi baterako ikasgela. Izan ere, "Sutegi liburutegian bada ikasteko espazioa, baina hainbat erabiltzailek ohartarazi izan dute ez dela egokia. Arazo hori bideratzeko proiektua idatzia du Udalak, eta bitan argitaratu du lizitazioa: bi aldietan, ordea, hutsik gelditu da. Ikasgela egoki baten beharrak bultzatuta, DYArekin hitz egin eta haiek erabiltzen duten lokala urtean bitan behin-behineko ikasgela gisa erabiltzea adostu zuten udazkenean, eta iazko abenduan erabili zuten lokal hori ikasgela gisa lehenengo aldiz".