DYAren lokala ikasgela bilakatuko da beste behin ere

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 2a, 08:14

Gaurtik aurrera, ikasketak burutzen ari direnek DYAko egoitzara hurbiltzeko aukera izango dute. Udalak aditzera eman duenez, "egunero egongo da irekita, eta ordutegi zabalagoa izango du". Astelehenetik igandera, goizeko 08:00etatik 22:00etara. 

Behin-behineko ikasgela irekiko da, berriz ere, DYAren Munalurrako lokalean. Gaur goizean zabalduko dute eta maiatzean eta ekainean zehar astelehenetik igandera egongo da irekita, 08:00etatik 22:00etara. Hamasei lagunentzako lekua egokitu dute.

Ikasgela irekitzen den bigarren aldia izango da. Lehenengoaren ostean, 2024ko urtarrilaren amaieran, erabiltzaileek gelaren balorazio positiboa egin zuten. Hobetzeko proposamenen artean, hain zuzen ere, gela igandeetan ere irekitzeko aukera aipatu zuten.

 

Sutegiko aukera ere hor dago

Sutegi liburutegian bada ikasteko espazioa, baina hainbat erabiltzailek ohartarazi izan dute ez dela egokia. "Arazo hori bideratzeko proiektua idatzia du udalak, eta bitan argitaratu du lizitazioa: bi aldietan, ordea, hutsik gelditu da", udaletxetik aditzera eman dutenez. "Ikasgela egoki baten beharrak bultzatuta, DYArekin hitz egin eta haiek erabiltzen duten lokala urtean bitan behin-behineko ikasgela gisa erabiltzea adostu genuen udazkenean, eta iazko abenduan erabili zen lokal hori ikasgela gisa lehenengo aldiz".