Usurbilgo jaiak

Txupinazoa nork jaurti erabakitzeko kutxak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 2a, 08:58

Usurbilgo jaietako egitarau diseinu lehiaketara sorkuntza lanak aurkezteko epea zabalik da. Epealdia ere irekita dute festen hasierako txupinazoa nork jaurti nahi duen erabakitzeko deialdian parte hartu nahi dutenek. Dagoeneko proposamenok egiteko kutxak jarri ditu Jai Batzordeak.

 

Txupinazoa
"Nork bota beharko luke aurtengo Santixabeletako txupinazoa, zure ustez? Zergatik?". Hortxe, Usurbilgo jaiei lotutako deialdi honetan erantzun beharrekoa. Festei hasiera nork edo nortzuk ematea nahi duzuen proposatzeko aukera izango duzue maiatzaren 24ra arte. Emailez helarazi dezakezue zuen ekarpena, kultura@usurbil.eus helbidera. Bestela, dagoeneko udaletxean, liburutegian, kiroldegian eta Potxoenean jarri dituzte kutxak.

Egitarau diseinu lehiaketa
Festen berri emango digun egitaraua diseinatzeko txapelketa ere abian da. Lanak udal erregistroan aurkeztu beharko dira, maiatzaren 24a baino lehen. 500 euroko saria eskuratuko du irabazleak. Oinarrien berri bideotatik jaso dezakezue: usurbilkultura.eus / 943 371 999.

Diseinu lanari dagokionez, ohi bezala, lehenbizi Potxoenean egitarauko testua eskuratu beharko da edo bestela kultura@usurbil.eus helbidean galdegin.

Testu horretan oinarritu beharko da sortze lana, euskaraz, neurri librean. Udalaren logoa erantsi beharko zaio. Lanak paperean eta euskarri digitalean (CD edo pendrive batean, PDF formatuan) aurkeztu beharko dira, bi gutunazaletan. Bietan egilearen izengoitia, A edo B gutunazala den eta "Santixabel egitarauaren lehiaketa" adierazi beharko da. Kartazaletan eta B kartazaleko dokumentazioan "izengoitia ez den beste izenik erabiltzen bada identifikatzeko, eta izen horrek parte-hartzailea zein den jakiteko bidea ematen badu, parte hartzaile hori lehiaketatik kanpo geldituko da".

A gutunazalean, "aurkezleari buruzko datuak bilduko dira: izen-abizenak edo taldearen izena, IFZ/IFK, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta hura identifikatzeko behar den beste edozein datu". B gutunazalean, "proposatzen den diseinua joango da, euskarri digitalean eta paperean".

Nahi adina sortze lan aurkeztu daitezke, norbanako gisa, edo taldean eta "taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun". Modu batean edo bestean ordea, lanek aurrez argitaratu gabeak, lehiaketetan parte hartu gabekoa eta originalak izan beharko dute. "Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da".

Jai Batzordeko eta diseinu arloko ezagutza duten bina kideek eta kultur arloko zinegotziak osaturiko epaimahaiak izango du azken hitza. "Erabakia hartzeko orduan, garrantzia handia emango zaio, besteak beste, egitaraua erraz irakurtzeko modukoa izateari". 

Lanak udal erregistroan aurkeztu beharko dira, edo bestela helbide honetara postaz bidali: Usurbilgo Udala, Kultura Saila: Joxe Martin Sagardia plaza z.g.; 20170 Usurbil.

Informazio gehiagorako, deitu 943 377 199 telefono zenbakira edo kultura@usurbil.eus helbidera idatzi.