Belmonte kaleko lanetan jatorria, Aranerrekako aste hasierako isuriak

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 2a, 13:13

Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, Belmonte kalean egiten ari diren lanetan du jatorria aste hasieran Aranerrekan izandako isuriak.

Anerreka ingurumen elkarteak aste hasieran Aranerreka txuri zegoela ohartarazi zuen, isuria izan zela. Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, iragan astean Kalezarko Belmonte kalean hasitako lanetan du jatorria aipatu isurketak. "Belmonte kaleko zoladura konpontzen ari da Udala, eta ondorioak izan ditu Aranerrekan. Erreka zuri agertu berri da, eta isuriaren arrazoia, hain zuzen ere, Belmonte kaleko obretan dago: baldosak moztean sortutako hautsa euri uren estolderiatik botata iritsi da Aranerrekara". Egoera honen aurrean iragarri duenez, "akatsaz jabetuta, berriz ez gertatzeko neurriak hartuko ditu udalak: konpontze lanetan sortzen diren isuriak ur zikinetara bideratuko dira".

Belmonte kalea itxita ibilgailuentzat
Kalezarko Belmonte kalea itxita dago apirilaren 22az geroztik, konponketa lanetarako. Usurbilgo Udalak egunotan ohartarazi duenez, Kalezarko bizilagunek helarazitako eskaera bati bide ematera doa . Auzoa alderik alde zeharkatzen duen kale nagusia, Belmonte kaleko zorua konpontzen ari da. Mugarri garrantzitsua izango dira lanok, izan ere aurrerantzean aldatu egingo da bide horrekiko orain arteko erabilera.

Hasteko, Belmonte kaleko zorua konponduko du Udalak. Konpromiso hori gauzatzeko asmoa agertu zuen Udalak Pelaioeneko obrak amaitu ostean. Honenbestez, apirilaren 22an hasitako lanok amaitu artean itxi egingo dute kale hau ibilgailuentzat. "Aurreikuspenen arabera, lau aste beharko dituzte lanak amaitzeko, eta, ondoren, beste hiru astez itxita egongo da, zorua ondo finkatuta gelditu dadin", ohartarazi du Udalak.

Lanok amaitu ostean gauzatuko dute Kalezarko auzokideek eremu honi lotutako bigarren eskaera; "bertatik soilik auzotarrek pasatu ahal izatea. Zorua konpondu ostean, beraz, hori izango da hurrengo lana: kontrol sistema ezartzea".

Belmonte kalera Kaxkotik igo nahiz alderantzizko bide gisa baliatzen da haur eskola pareko aldapa. Bide hau ere konpontzera doa Usurbilgo Udala. Iragarri duenez, "lizitazioa martxan dago. Ondo bidean, lanak maiatzaren amaieran hasteko moduan egon daitezke".