EAJ: "Segurtasuna eta irisgarritasuna bermatu beharreko oinarrizko eskubideak dira"

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 2a, 13:43

Irudi muntaia honetan EAJren proposamena laburbiltzen da

San Inazio kalearen eta Aitzezarra kalearen artean oinezkoentzako ibilbide segurua sortzeko eskatu du berriro alderdi jeltzaleak, Zelai Haundi zeharkatuz.

San Inazio kalearen eta Aitzezarra kalearen arteko segurtasun falta kezka iturri da  EAJko kideentzat. Ez da berria. Iaz, antzeko eskaera egin zuten eta proposamena luzatu dute berriro, "udalerriko oinezkoentzako segurtasuna eta irisgarritasuna nabarmen hobetzeko" helburuarekin.

Segurtasun arazoak arintzeko, hauxe da alderdi jeltzaleak egin duen proposamena: espaloiak zabaltzea eta zebrabide berri bat margotzea. "Helburu nagusia da mugikortasun segurua eta irisgarria bermatzea erabiltzaile guztientzat", era honetan, "Usurbilgo bizi-kalitatea nabarmen hobetuko litzateke". Hala jasoa dator NOAUAra igorri duen prentsa-oharrean.

 

12.000 euroko inbertsioa

Obra egiteko 12.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusi da. Horri esker, oinezkoentzako ibilbide segurua gauzatu ahal izango da, "EAJ-PNVk udalerriko bide-segurtasunarekin eta irisgarritasun unibertsalarekin duen konpromisoa azpimarratuz".

Lehendik ere antzeko eskaera egina zuen EAJk.  "Aipatzekoa da proposamen hori 2024ko aurrekontuei emendakin formatuan egin zitzaiela, baina EH Bilduren udal gobernuak ez zuela onartu".

 

"Pena da 2024ko aurrekontuetan jaso ez izana"

Usurbilgo EAJ-PNVko bozeramaile Xabier Otxoak adierazi du usurbildarren segurtasuna bermatzeko asmoa duela: "Proposamen hau Usurbil seguruago eta guztiontzako irisgarriago bat lortzeko aurrerapausoa da. Pena da 2024ko aurrekontuetan sartu ez izana, baina lanean jarraitzen dugu, eta gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuak defendatzen. Segurtasuna eta irisgarritasuna gure udalerrian bermatu beharreko oinarrizko eskubideak dira".