Elhuyar Zientzia Azoka

Zientzia herriratuko duen azoka larunbatean

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 3a, 09:45

Gipuzkoa mailako Elhuyar Zientzia Azokak hartuko du frontoia larunbat goiz honetan, 11:00-13:30 artean. Zientzia plazaratu, herriratuko digute, alor horretan herrialdeko hainbat ikastetxeek, tartean, Udarregik landutako proiektuen aurkezpenekin.

Gipuzkoako hamasei ikastetxeek parte hartu dute egitasmo honetan. Elhuyarretik NOAUA!ri aditzera eman diotenez, hamaika izango dira larunbateko azokara etorriko direnak; herrialdeko hamaika ikastetxeotako hamazazpi talde, hamazazpi proiekturekin. Parte hartzaileen erdia pasatxo neskak. Askotariko herri eta eskualdeak bilduko ditu zientziari eskainitako elkargune honek. Izan ere, Lasarte-Oria, Donostia, Beasain, Hondarribia, Orio, Zarautz, Hernani eta Urretxu-Zumarragako ikastetxeetako gazteak erakarriko ditu. Haiekin izango dira etxekoak ere; Udarregi ikastolako DBH-koak ere.

Antolatzaileen esanetan, "gazteek zientziarekin eta teknologiarekin bizipenak izan ditzaten, helburu horrekin egindako ikasturteko prozesua da". Ikerketa galdera bat edo erronka teknologiko bat planteatzen zaie egitasmo honek parte hartzaile izaten dituzten 12-18 urte arteko gazteei "eta horri erantzuna nola emango lioketen landu behar dute", adierazi digu Elhuyar zientzia unitateko STEAM hezkuntza arloko arduradun Aitziber Lasak.

Horretarako, "prozesua egiten dute bai, prozesu teknologiko edo metodo zientifikoarekin. Ondo dokumentatu, hipotesia planteatu, esperimentazioa egin eta iristen dira ondorioetara". Ibilbide horretan, zientzian jardunean dabiltzan profesionalekin zuzenean harremantzeko aukera izaten dute, nortzuk eta nola lan egiten duten hurbiletik ikustekoa, hitz gutxitan, "erreferenteak sortzea" ere sustatu nahi du Elhuyarrek egitasmo honen bidez, eta hala, "zientzia desmitifikatu eta estereotipoak hautsi, zientzia zer den, zientzialariak zein diren, non eta nola lan egiten duten" ezagutaraztea, zientziak egunerokoan duen eragina eta egiten duen berebiziko garrantzidun ekarpena helaraztea.

Eraikitako mitoak deseraikitzea ere sustatu nahi dute eta hori dena egitasmo honen bidez zabaldu. Izan ere, Elhuyarrek eginiko diagnosietan antzeman dutenez, "14-16 urte arteko gazteei galdetuta, normalean zientzialariei buruz denek dute ikuspegi bat; oso argiak eta langileak direla, pazientzia handikoak, buruargiak. Hor egoten da muga, askotan, batez ere nerabezaroan, ez dira gai ikusten lanbide horietan aritzeko".

Hitz egin dadila zientziaz
Gazteontzat egitasmo hau "ahalduntze eta autonomia ariketa bat da. Pentsamendu kritikoa ere lantzen da, estereotipoak hausten dira. Zientzia gizonezkoen jarduna dela, estereotipo horiek hausten dira berdintasunaren mesedetan. Ekarpena egiten diogu baita euskarari, azoka hizkuntza horretan egiten baita". Gainerako azoken moduan, frontoira joan eta bertan egongo diren postuetan barrena osteratxoa egiteko gonbita egin digu Elhuyarrek. "Harritu egingo gara nolako proiektuak egiten dituzten gazteek", ziurtatu digu Lasak. Familia giroan haurrekin joateko deia egin du, frontoiko gazteak "haien erreferente izango direlako, zientzia hurbiltzeko garaian". Bide batez, egun horretan, bazkalorduan, "hitz egin dadila Usurbilgo etxeetan zientziari buruz", animatu gaitu.

Gipuzkoa mailako zientzia azoka honen bigarren edizioa izango da aurtengoa. Usurbilen egitea ez da nahigabe hartutako erabakia izan. Batetik, Elhuyar Fundazioak Osinaldea industriagunean du egoitza, "Udala Elhuyarren patrono ere bada". Horrez gain, baliagarria da Elhuyarrentzat azoka hemen egitea, "nolabaiteko lotura bat ere eraikitzen delako herriarekin".

Lau proiektu
Larunbateko azokara joaten zaretenok, frontoian herri ordezkaritza aurkituko duzue. Izan ere, Udarregi ikastolako DBHko ikasleak izango dira bertan. Aldaketarik ez bada, lau proiektu aurkeztuko dituzte hitzordu honetan. Batetik, Usurbilgo udal eraikinetako kontsumo energetikoei buruz eginiko azterlana. Bestetik, airearen kalitatea neurtzen ere aritu dira, herriko puntu ezberdinetan kokaturiko landareen bidez, CSIC, estatuko ikerlan zientifikoen kontseilu gorena bideratzen ari diren ikerlanaren baitan. Gainerakoen antzera, "proiektu erreala da, zientifikoki landutakoa" beraz, ikastolako zientzia irakasle Nerea Maiozek eta Joanes Txuekak azaldu diguten moduan. Erakunde prestigiotsu horretako zientzialariak izan dituzte bidelagun, beraz. Elhuyarrek utzitako aparailuekin landareotan pilatzen joan diren metal astunen jarraipena egin dute. Landareok gero Nafarroako institutu agroteknologikora helarazi dituzte. "Laginak hartu eta Bartzelonara bidali eta handik emaitzak bidali dizkigute". Badira landutako beste bi proiektu ere: argazki kamera barruan gertatzen dena erakutsi asmo duen "ganbera iluna" egitasmoa aurkeztuko dute. Azkenik, geure sisteman immunean eta egoera emozionalean eragiten duten "hesteetako mikrobioten proiektua".

Erakusleihoa
Duela hiru urte hasi ziren parte hartzen egitasmo honetan Udarregikoak. Gipuzkoako azoka honez gain, Euskal Herri mailan maiatzan egingo den urteroko Bilboko azokara joan izan dira ikastolakoak landutako zientzia proiektuak aurkeztera. "Erakusleiho polita da ikastolan landutako proiektuak plazaratzeko", Maiozen esanetan. Gainera, erabat bat egiten du Udarregi alor honetan jorratzen ari den bidearekin. Izan ere, duela hiru urte STEAM proiektuak lantzen dituzten zentroei emandako ziurtagiria jaso zuen Udarregik. Zientzia arlo ezberdinak uztartzen dituzten proiektuak lantzen dira horren bueltan. Ikasleek "zientzia bere osotasunetik ikusten dute", Txuekaren esanetan. "Arlo ezberdinetan ikasleek dituzten ezagutzak lotzeko modu bat da", Maiozek gaineratu duenez. Proiektu errealekin lan egiten dute, larunbateko azokan aurkeztuko dituztenek erakutsi moduan. "Emaitzak benetakoak dira, metodo zientifikoa baliatuta eskuraturikoak", irakasleok nabarmendu dutenez.

Elhuyarretik sustatu nahi duten zientziari lotutako bizipenekin erabat bat datozen egitasmoak dira, beraz. Zientzia ezberdinen arteko uztartzearekin batera, ikasleei ere askotariko konpetentziak lantzea ahalbidetzen die; teknologikoak edota linguistikoak. Izan ere, landutakoa aurkezten diete azoka hauetan haiengana hurbiltzen direnei. "Polita da ikustea goizean zehar azalpenak ematerakoan zer nolako bilakaera izaten duten. Hasieran oso urduri, amaierarako solturaz ematen dituzte azalpenak. Bestalde, beste eskoletan zer egiten duten ikusteko aukera dute", Maiozek gogorarazi digunez.

Horregatik, azokara joateko gonbita egin digute. "Hurbildu proiektuak ezagutzera. Egitasmo errealak dira, herriarekin lotura dutenak", nabarmendu du Txuekak. Usurbilgo hitzorduaren ostean, maiatza amaierako Euskal Herri mailako Bilboko azokan parte hartuko dute Udarregikoek. Horrekin batera, urteotako proiektuak hobetzen segi eta sistematizatu asmo dituzte. Egitasmo honek ahalbidetzen dien erakunde arteko lankidetzan eta zientziari lotutako erreferenteak ezagutarazten segi nahi dute. Eskura duten oinarrizko STEAM ziurtagiria mailaz igotzeko lanketari helduko diote, gainera.