41. Sagardo Eguna

Erreleboa izango dute Sagardo Egunaren Lagunak bilgunekoek

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 3a, 12:42

Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak jakinarazi duenez, erreleboa aurkitu dute. Usurbildarren jaiegun kuttunenaren antolaketa lanen soka ez da etengo beraz.

Aurkitu dute, lau hamarkada luze dituen bilgunearen jardunari segida emateko erreleboa. Herriko gazte talde bat animatu da Sagardo Egunaren Lagunak taldeko egungo kideen lekukoa hartzera.

Gogoan izango duzue, duela aste pare bat  jakinarazi zuten hartutako erabakia: "antolakuntza honek aurtengoa azken urtea izango dela erabaki du aho batez". Izan ere, hamar urtetik gora aritu dira auzolan handi honetan. Azken urteotan, errelebo eske ere aritu dira eta horretan ahalegindu dira. "Prest ginen beste pare bat urtez ondorengoei erakutsi eta elkarlanean jarduteko, baina jende falta edo gogo falta ikusita", antolaketa lanei uztea erabaki zuten.

Deialdi hartan, hausnarketarako gonbita egin eta erreleborako azkeneko deia egin zuten. "Talderen bat azalduz gero, erreleboa ongi egin eta laguntzeko prest egongo gara noski. Gogora dezagun Herri Lanik gabe, ez dagoela herriarentzako festarik". Azkeneko saiakera honek eragin nabarmena izan du. Izan ere, Sagardoaren Eguna antolatzeko egungo taldearen erreleboa hartzeko prest agertu baita herrikide talde bat.

Lankidetza urtea
Hala jakinarazi dute Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek. Pozarren berri eman dute, "usurbildar gazte batzuk gurekin harremanetan jarri zirela. Taldetxo eder bat osatu dute egungo antolakuntzari erreleboa emateko gogoz".

Dagoeneko bi taldeak elkarrekin bildu dira eta aurrera begirako eskualdatzea, nola bideratu asmo duten ere aurreratu dute. "Asmoa aurtengo urtean hasi, datorren urtea bi taldeek elkarlanean pasa eta erreleboa ahalik eta ondoen ematea da, trantsizioarekin festa eder honetan ezer falta ez dadin".

Esker ona helarazi nahi die egungo taldeak kide berriei; "oso pozik gaude aurpegi berriak, ilusioz eta gogoz beteak gure artean ikusteaz".

Gonbita
Ate joka dugu aurtengo Sagardo Eguna. Gogoan izan, 41. edizioa maiatzaren 19an ospatuko da. "badauzkagu Sagardo Eguneko egitaraua eta 41 sagardo postu lotuta, erreleboa urte askotarako ere etorri dela espero dugu. Orain, zuek bertaratu eta egun eder bat elkarrekin pasatzeko prest izatea besterik ez zaigu falta", adierazi diete antolatzaileek usurbildarrei.

Honatx Sagardo Eguneko antolatzaileek NOAUA!ra helarazitako adierazpena osorik:


Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak

Kaixo lagunok:
Azken komunikatuak bere fruituak eman dituela esateko idazten dizuegu.

Pozez esan dezakegu, Noaua!-k gure idatzia argitaratu eta bi egunetara, usurbildar gazte batzuk gurekin harremanetan jarri zirela. Taldetxo eder bat osatu dute egungo antolakuntzari erreleboa emateko gogoz.

Bilera pare bat egin ditugu jada elkarrekin. Asmoa aurtengo urtean hasi, datorren urtea bi taldeek elkarlanean pasa eta erreleboa ahalik eta ondoen ematea da, trantsizioarekin festa eder honetan ezer falta ez dadin.

Eskerrak eman besterik ez daukagu talde berri honi. Oso pozik gaude aurpegi berriak, ilusioz eta gogoz beteak gure artean ikusteaz.

Egun handia iristear da, badauzkagu Sagardo Eguneko egitaraua eta 41 sagardo postu lotuta. Erreleboa urte askotarako ere etorri dela espero dugu. Orain, zuek bertaratu eta egun eder bat elkarrekin pasatzeko prest izatea besterik ez zaigu falta.

Laster ikusiko dugu elkar, eskerrik asko! 

Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak