Salvadortarren emanaldiak Sutegi goraino bete du

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 4a, 13:17

Iñaki eta Olatz Salvador osaba iloben emanaldiak Sutegiko auditorioa erabat bete zuen ostiral arratsaldean, Jexux Artze Kultur Elkarteak antolaturiko emanaldian.

Egun berezia zen atzokoa, 21 urte bete ziren Jexux Artze zendu zela. Bere omenez, bere izena daraman kultur elkarteak ez zuen oharkabean igarotzerik nahi izan urtemuga hau. Eta halaxe izan zen. Sutegiko auditorioa izan zen horren lekuko. Goraino bete zuten auditorioa, Artzetarrak ezagutzen zituzten beste familia bateko kideekin; Salvadortarrekin. Iñaki eta Olatz osaba ilobak batu zituen "familia artean" izeneko kontzertuaren bueltan.

Mikel Laboaren "Lili bat" abestiarekin hunkidura handiz ekin zioten emanaldiari. Hitzorduaren nondik norakoak aurreratzeko iragarkian irakur zitekeen moduan, "familia-topaketa berezia da, elkartzen dituen lotura dela eta, baina, gainera, eta hortik harago, belaunaldien arteko benetako hurbilketa interesgarria da arlo artistikoan eta musikalean. Funtsean austeritatetik eta hunkigarrian sinpletasunetik eta benetakotasunetik murgiltzea bilatzen duen lan baten aurrean gaude".

Ez zen bien arteko emanaldia izan, familiakoa duten hirugarren kide bat ere igo baitzen Sutegiko oholtza gainera; Jakes Txapartegi. Ikusmenik gabe, gainerako zentzu guztiak dantza batean jarri eta pasio handiz pianoa maisuki jo zuen 14 urteko gaztea.


Txalaparta Eguna, udazkenean
Egun seinalatuan egin da kontzertua, hain zuzen, Jexux Artze zendu zela 21 urte bete diren egunean. Urte garai honetan antolatzen zituen bere garaian aipatu kultur elkarteak udaberri parteko ekitaldiak edota azken urteotako Txalaparta Eguna.

Maiatzean herrian bertan izaten den kultur eskaintza oparoa tarteko, nahiz txalapartaren bueltan asteotan Euskal Herrian antolatu izan diren hitzorduengatik, aurtengoan, Jexux Artze Kultur Elkarteak urrira atzeratu du 2024ko Txalaparta Eguna. Aurrerago eskainiko dituzte ziklo horri buruzko xehetasunak. Halere, maiatzaren 3ko egun seinalatua ez zuten oharkabean igarotzerik nahi. Jexux Artze zendu zeneko urtemuga egun honetan eta tradizionalki maiatzean antolatu izan dituzten ekimenen testuinguru horretan iragarri zuten Udalarekin lankidetzan antolaturiko Olatz eta Iñaki Salvadorren kontzertua.