Usurbil FT-ko jubenilak pozarren, mailaz igo ostean

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 5a, 11:18

Touring taldekoen aurka larunbat arratsaldean jokatutako partida irabazi zuten eta horrekin, baita mailaz igotzea lortu ere.

Ospakizunaren irudiak dituzue segidan. Usurbil Futbol Taldeko jubenil mutilen taldeak larunbatean neurketa erabakiorra jokatu zuten Haranen, Touring taldearen aurka. Aipatu moduan, ez zen ohiko partida bat. Denboraldiaren azken txanpan, mailaz igo ahal izatea zuten jokoan. 

Erronkari gogotik heldu eta neurketan 6-3 nagusitu ziren usurbildarrak. Lau jardunaldiren faltan, garaipen honi esker, irailetik aurrera, Ohorezko Mailan jokatu ahalko dute jubenilek.

Gogotik ospatzen
Neurketa jai giroan joan zen, animu eta babes mezu ugari plazaratu zituzten, Haraneko harmailak betetako zaletuek. Izan ere, hara joateko gonbita egina zuten klubetik aldez aurretik.

Partida amaitu eta berehala lehertu zen festa giroa, txalo eta bengala artean. Pozarren, kantuan eta elkar besarkatuz amaitu zuten neurketa, baita ondoko taldeko argazkia aterata ere.