Patinete elektrikoak eta umerik gabeko haur-kotxeak debekatuak gaurtik garraio zerbitzuetan

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 6a, 08:12

Bidaiarien garraio zerbitzu publikoetan

Debeku gehiago indarrean gaurtik garraio zerbitzuetan. Gogoan izango duzue, iragan urtarrilaren 15az geroztik debekatua dagoela patinete eta monoziklo elektrikoak tren barruan sartzea. Debeku hau zabaltzea erabaki du gaurtik Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak. Izan ere, astelehen honetatik, maiatzaren 6tik aurrera, patinete elektrikoak ezingo dira sartu ez tren ezta autobus zerbitzuetan. Hau da, Gipuzkoako bidaiarien errepide bidezko garraio-zerbitzu guztietan egongo da debeku hau indarrean gaurtik aurrera, "segurtasun arrazoiengatik".

Horrez gain, garraio zerbitzu publikoetara ezingo dira sartu umerik ez daramaten haur-kotxe edota aulkiak. Lurraldebusetik zehaztu dutenez, "reborn panpinekin edo antzekoekin egindako kotxetxoak/orgatxoak, edo animaliekin egindakoak" ez dituzte sartzen utziko ez tren nahiz autobus zerbitzuetan. 

Arriskuak ekiditeko
Urte hasieran tren zerbitzuetan hasi ziren debekatzen patinete eta monoziklo elektrikoak "mugikortasun pertsonaleko elementu mota horiek azken urteetan sortu dituzten gorabehera larriak" tarteko. Izan ere, gogorarazi dutenez, "gailuen bateriek eragin dituzte, eta kalte fisiko eta material larriak eragin dituzte suteen eta deflagrazioen ondorioz".

Horren aurrean, "erabiltzaile guztien segurtasuna behar bezala bermatu behar dutela" diote erakundeek "eta uste dute ezin dela onartu elementu horiek gaur egun izan dezaketen arriskua, horrelako gertakari batek bidaiarien osotasun fisikoan izango lituzkeen ondorio larriengatik, bereziki garraio publiko baten barruan". Debeku hauetatik salbu daude, mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuak eta bizikleta elektrikoak.