"Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka", datorren Jakin Jardunaldiko hizpidea

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 6a, 09:39

Iazko Jakin Jardunaldiko parte hartzaileak eta antolatzaileak.

52. udako ikastaroetarako matrikulazio epea zabaldu du gaur UEU-k; tartean, ekainaren 20an eta 21ean Artzabalen izango den Jakin Jardunaldirako izen-ematea.

Euskal gatazkaren inguruan egiten den memoriagintzaz kritikoki hausnartzea; memoriari lotutako zenbait ekimen eta ikerketa ezagutzea; eta, azkenik, gazteek gatazka nola jaso duten eta memoriagintzara nola lotu diren ikustea. Helburuon bueltan antolatu dute "gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" izeneko Jakin Jardunaldia ekainaren 20an eta 21ean Artzabalen.

Beste urte batez, UEU-ren 52. udako ikastaroen baitako Jakin Jardunaldia antolatu dute UEU-k, Jakinek eta Usurbilgo Udalak. Aurreko urteetan, gizarte mugimenduak, zaintza, desazkundea, pandemia... aztergai izan ostean, oraingo honetan, aipatu moduan, memoria kokatuko dute jardunaldion erdigunean.

Hainbat aditu eta aritu bilduko dituzte bi egunotako saiootan; tartean, Usurbil 1936 herriko oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den elkarteko ordezkariek parte hartuko dute hitzorduetako batean. Horrez gain, segidan, gai honi lotutako herri ibilaldia egingo da.

Astelehen honetan, maiatzaren 6an zabaldu berri du UEU-k Jakin Jardunaldian matrikulatzeko epea. Segidan dituzue xehetasunak:


"Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka"
Egunak: ekainak 20, 21.
Ordutegia: 9:00-17:30 (ekainak 20), 9:30-14:30 (ekainak 21).
Tokia: Artzabal.
Zehaztasunak: "Gatazka baten memoria egiteko saiakerek memoriaren gatazka ekarri ohi dute. Presentzia desberdina hartzen duten ahots ugari nahasten dira botere-harremanen dinamikak erabat zeharkatutako memoriagintza prozesuan. Horregatik, euskal gatazkaren testuingurura etorrita, auzi ugari ekartzen ditu memoriaren gaiak: Zer ahots ari dira memoria egiten? Zeintzuk ez dira ari? Nola eman eta kentzen zaie zilegitasuna ahots horiei? Nolakoa da museoetan, oroiguneetan, fikzioan, ikerketetan jasotzen ari garen memoria? Nolakoa memoriagintza hori? Noraino luzatzen da euskal gatazkaren memoria? Eta belaunaldi gazteenek, zer jaso eta zer sortzen dute gatazkaren inguruan?".
Oharra: plaza mugatuak.
Informazio gehiago eta izen-ematea: ueu.eus

Egitaraua:

Ekainak 20, osteguna
08:45-09:00 Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:00-09:30 Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
Aitor Bengoetxea Alkorta, UEUko zuzendaria.
Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbilgo alkatea.
Lorea Agirre Dorronsoro, Jakineko zuzendaria.
09:30-10:30 "Eziñ-esanaren miña; miñen ezin-esana". Gatazka nazionalaren teorizazioaren inguruko gogoeta bat. Cira Crespo, historialaria.
10:30-11:15 "Memoria, boterea, gatazka: hainbat hari-mutur". Iñaki Sagardoi Leuza, antropologoa, NUPeko irakaslea
11:15-11:45  Atsedenaldia.
11:45-12:30 "Ez gaitzazue ezabatu. Ezker Abertzaleko emakumeen militantzia eta errepresioaren memoria". Olatz Dañobeitia, Antropologian doktorea.
12:30-13:15 "Batzuk, bestiak eta piztiak. Euskal gatazkaren irakurketa bitarra gainditzeko proposamen feminista bat".
13:15-15:15 Bazkaltzeko tartea.
15:15-16:00 "Isilpeko historia berreskuratuz. 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua". Ione Zuloaga, historialaria, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea.
16:00-16:30 "Usurbil 1936, ezkutatua argitara ematen". Arantxa Manterola eta Xuban Zubiria, Usurbil 1936 elkarteko kideak.
16:30-17:30 Usurbil 1936: ibilaldi gidatua.

Ekainak 21, ostirala
09:30-10:15 "Besteen lurraldea da iragana. Gazteak, gatazka eta memoria trantsitatzeko aukerak". Samara Velte, Politika eta Kulturan doktorea (UPV/EHU) eta Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea EHUn
10:15-10:45 "Txikitasunetik memoria eraikitzen: lehen pausuak Antzuolan". Onintza Legorburu eta Ane Alberdi, "Memoria josten: gatazka armatua Antzuolan 1958-2011" liburuaren egileak.
10:45-11:15 "Martxoak 3 Memoriagunea: Gasteizko Herri M3moriaren erronka". Julen Diaz de Argote, Martxoaren 3ko Memoriagunerako proiektuen arduraduna.
11:15-11:45 "Joan da negua? Euskal gatazka fikziora eramateko narratiba berriak". Mikel Ibarguren eta Ekain Albite, Negu Hurbilak filmaren zuzendariak.
11:45-12:30 Atsedenaldia.
12:30-14:30 "Negu Hurbilak" filma eta solasaldia.

Antolatzaileak: UEU, Jakin eta Usurbilgo Udala.