Jende ilara gaur Aginagan, Akelarreren agurreko kontzerturako sarrerak erosten

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 8a, 21:20

 

Aginaga jai giroan murgiltzeko atzera kontaketa martxan da gaurtik. Ikusi bestela, aginagar batek Eliza Zaharrean atera eta NOAUA!-ri helarazi dizkion argazkiak. Jende ilara, iragarri bezala, Akelarre  musika taldeak San Praixkuetan, urriaren 6an eskainiko duen kontzerturako sarrerak hartzen.  Jende ilara egon den arren, txartelak ez dira agortu. Honenbestez, bestelako aldaketarik ez bada, kontzertu egunean bertan eskuragarri egongo dira, musika talde ezagunak Aginagan eskainiko duen agurrerako kontzerturako sarrerak, 12 euroren truke.

 

"Azken data urriak 6! Akelarre azkeneko aldiz ikusteko aukera Aginako jaietan izango duzue. Animatu zaitezte eta sartu gurekin Akelarrera!", luzatu dute gonbita taldetik. Aginagakoa bai, azkena izango dela iragarri dute egunotan. 2017an itzuli ziren eta adostuak zituzten kontzertuak eskainita, zaletuei agurtzear da berriz Akelarre musika taldea. Agurrerako, Aginagako oholtza hautatu du taldeak. Datozen jaien baitan, urriaren 6an eskainiko du emanaldia. 

 

Gozategi, Dj Bull eta DJ Elepuntorekin batera

Agurtzeko ordua heldu dela adierazi dute. "Askok galdetu duzuen bezala, gure azken kontzertuaren eguna iritsi da. Urriaren 6an izango da Aginagako jaietan. 2017an egin beharrekoak egin ondoren, 2018an beste kontzertu gutxi batzuk egitea adostu genuen. Aginagan amaituko dugu gure 2017-2018 tour-a zuzeneko ibilbidea amaitutzat emanaz", iragarri dute. 

 

Agurrean, zaletu eta jarraitzaileak gogoan. "Mila esker jarraitzale, lagun, familia eta gure ondoan egon eta zaudeten guztioi, plazerra izan da zuen berotasuna berriro ere sentitzea, ez dugu inoiz ahaztuko egin diguzuen harrera! Aupa zuek eta gora Akelarre! Urriaren 6an Agiñan toperaaaaaa!", luzatu dute gonbita.

 

 

Akelarrek kontzertua eskainiko duen gauean, musikari gehiago ere badatoz San Praixkuetara! Sarrera beharko duen kontzertu bakarra Akelarrerena izango da, gainerako musika hitzordu guztiak doakoak izango dira. Honatx xehetasunak:

 

Akelarre Aginagako jaietan

Urriak 6, larunbata

19:00 Elektropapo Elektrotxaranga (bokatak salgai txosnan).

22:00 Dj Bull+Akelarre. Sarrera: 12 euro.

02:00 Gozategi. Irekia, doan.

04:00 Goizaldera arte, Dj Bull eta DJ Elepunto Eliza Zaharrean eta Karpan.

 

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.