Asteotako agenda ekitaldiz bete-betea dute Aginagan

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 15a, 10:37

Hitzorduz jositako agenda dute Aginagan hurrengo asteotarako. Ondoko albistean bildu ditugu iragarriak dauden deialdiak. Aginaga hizpide izango dugu Euskal Telebistan agertuko delako, baita hurrengo asteotan antolatu dituzten ekimenengatik ere; mus txapelketa, bertso-afaria, kontzertu gaua...

 

Herri Txiki, Infernu Handin

Heldu da grabatu zutena ikusteko unea. Aginaga barrutik ezagutuko du Euskal Herriak igande gau honetan. Urtarrilaren 20an, gaueko 22:00etan hasita, azaroa eta abendua artean bertan grabaturiko saioa erakutsiko du Euskal Telebistako “Herri Txiki, Infernu Handi” saioak. Gogoan izan, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak hainbat aginagarren lekukotzak batu zituzten.

 

Euskal Herriko Mus Txapelketako sailkatze proba

Abian da 11. Euskal Herriko Mus Txapelketa. Herrietako saioak jokatzen ari dira asteotan. Gure inguruan bi hitzordu iragarri dira; saio bana, Usurbilen eta Aginagan. Aginagakoa zehaztua dago jada; urtarrilaren 25ean jokatuko da, 22:00etan hasita Atarialde Elkartean. Usurbilgoa aurrerago.

 

Otsailaren 23an jokatuko dira herrialdeen mailako txapelketak. Gipuzkoakoa Zaldibian. Fase horretarako sailkatze probak dira honenbestez, asteotan herriz herri ospatzen ari direnak. Parte hartu nahi duen mus jokalari bikoteak 20 euro ordaindu beharko ditu. Antolakuntzak, Euskal Herriko Mus Federazioak iragarri duenez, 50.000 euro baino gehiago banatuko dira saritan. Sariak dirutan, bidaiak nazioartera… Final nazionala, martxoaren 16an Lizarran (Nafarroa Garaia). 

Informazio gehiago: ehmus.eus

 

Kontzertu gaua Aginagan

Aginagako Eliza Zaharra kultur elkargune gisa dinamizatzen jarraituko dute 2019an ere, bertako aginagarrek. Otsailaren 9rako urteko lehen kontzertu gaua antolatu dute. 23:30etan hasita, Eraso, Kokein eta Dj Bull goizaldera arte. Sarrerak 8 eurotan eskuratu ahalko dira aldez aurretik, Aginagako Arrate eta Usurbilgo Aitzaga tabernetan. Kontzertu egunean bertan ere eskuratu ahalko dira.

 

Arraunketa probak errioan

Arraun denboraldia errioan! Larunbat honetan lehen txapelketak (urtarrilak 19), 13:00etan hasita. Bi distantziatan jokatuko dira proba hauek: 4.000 metrokoa Saikola-Orio artean eta 6.000 metrokoa, Mapil-Orio artean. Orio Arraunketa Elkarteak, Gipuzkoako Arraun Federakundeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, modalitate honetako probak jokatuko dira Orian: Iraupen Txapelketa, Distantzia Luzeko Txapelketa, Aulki Mugikorra eta Arraunketa Olinpikoa. Infantilak, kadeteak eta beteranoak Saikola-Orio artean lehiatuko dira; jubenilak eta absolutuak Mapil-Orio artean.

 

Oriako 25. Traineru Jaitsiera, martxoaren 9an

Eguna finkatua dute jada. Mende laurdena bete eta Aginagatik abiatu ohi den Oriako 25. Traineru Jaitsiera martxoaren 9an ospatuko da. Orio Arraunketa Elkarteak antolaturiko hitzorduaren baitan urtero moduan, bi distantzia ezberdinetako probak jokatuko dira errioan; bat, 4 kilometrokoa, Saikola-Orio artean; bestea, 6 kilometrokoa, Mapil-Orio artean. Hitzorduak urtero, kategoria eta sorterri ezberdinetako arraunlariak bildu ohi ditu.

 

 

AGINAGAKO EKITALDIEN AGENDA

Urtarrilak 18, ostirala

Bazkalostean, arratsaldeko klaseen baitan, ikasleen danborrada emanaldia Aginagako Eskolan.

 

Urtarrilak 19, larunbata

13:00 Arraunketa probak Aginagatik Oriora, errioan: Iraupen Txapelketa, Distantzia Luzeko Txapelketa, Aulki Mugikorra eta Arraunketa Olinpikoa.

 

Urtarrilak 20, igandea

22:00 Aginaga ETB-ren "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan.

 

 

Urtarrilak 25, ostirala

22:00 Euskal Herriko Mus Txapelketako Gipuzkoako finalerako sailkapen saioa, Aginagako Atarialden elkartean (Izen ematea 21:30-22:00 artean. Bikoteko 20 euro).

Informazio gehiago: ehmus.eus

 

 

Otsailak 2, larunbata

20:00 Trikipoteoa Arrate tabernatik.

21:00 Bertso-afaria Atarialde Elkartean, Andoni Egaña, Markel Eizagirre eta Sebastian Lizasorekin. Menua:

-Perretxiko ezberdinen nahaskia.

-Bakailaoa saltsan.

-Txuleta "pitillo" piperrekin.

-Etxeko tarta izozkiarekin.

Sarrerak: Aginagako Arrate tabernan salgai 30 eurotan. 

Oharra: sarrera kopuru mugatua (90 lagunentzat).

Ondoren, erromeria: Ostolaza eta Lutxurdio.

Antolatzaileak: Antxomalantxa Herri Elkartea eta Eliza Zaharra.

 

 

Otsailak 4, astelehena

Eguraldi ona bada, Santa Ageda bezperako kantu eskean irtengo dira Aginagako Eskolakoak arratsalde partean.

 

 

Otsailak 9, larunbata

23:30 Kontzertu gaua Aginagako Eliza Zaharrean: Eraso, Kokein eta Dj Bull goizaldera arte. Sarrerak: 8 eurotan Aginagako Arrate eta Usurbilgo Aitzaga tabernetan.

Antolatzailea: Aginagako Eliza Zaharra herri elkargunea.

 

 

Martxoak 9, larunbata

16:00 Oriako 25. Traineru Jaitsiera Aginagako Mapiletik.

Antolatzailea: Orio AE.