Aginaga aldeko urak ere, saneamendu sarera batzetik hurbilago

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 14a, 09:07

 

Añarbe Mankomunitateak 2010erako inbertsio-planetan jada aurreikusten zuen proiektuetako bat gauzatze bidean dela berri eman du Usurbilgo Udalak ohar bidez. Ur zikinen gaiari buruz ari gara. Gogoan izan, azken urteotan egindako obrei esker, 2016az geroztik Usurbilgo ur zikin gehienak kolektore bidez Loiolako araztegira bideratzen direla, eta ordura arte egiten zen moduan, erriora. Ur zikinen saneamendu sare horretatik kanpo geratu ziren ordea, Txokoalde-Aginaga inguruak, baita Zubietako zenbait zonalde ere.

 

Zubietakoei konponbidea 2017ko udaberrian, Aliri zubiaren ondoan inauguratu zuten hondakin-uren ponpatze estazio berriarekin eman zitzaien. Ordutik ordea, Aginaga-Txokoaldeko ur zikinak saneamendu sarera batzea falta zen. Zonalde honetako ur zikinak erriotik desbideratzea aspalditik eskatua zion Udalak Añarbeko Uren Mankomunitateari. Orain, “Usurbilgo udal-gobernuak, beste udal-ordezkari batzuekin batera, egindako lan eta presioaren ondorioz lortu da 2019an Aginagako saneamenduari ekitea”, adierazi du Udalak ohar bidez.

 

Negoziazioei esker, diru partiden gehitzea

Udal gobernu taldetik gogorarazten dutenez, besteak beste, EHBilduren babesa ezinbestekoa izanik, Añarbek joan den urrian Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkezturiko aurrekontu-proiektua atzera bota zuen koalizioak, “urteetan mahai gainean izan diren hainbat proiektuei heltzeko konpromiso faltagatik”. Proiektu horien artean, bi nabarmentzen zituen EHBilduk; Pasaiako Portua eta Aginagako ur zikinen saneamendua.

 

Aipatu moduan, bi egitasmook gauzatzea aurreikusia zuen Añarbek 2010az geroztik, “inbertsio-planetan aurreikusita bazeuden ere, urteotan ez dute urratsik egin proiektuok garatzeko. 2019an beste horrenbeste gerta zitekeela ikusi genuen, ez baitzegoen adina diru-partidarik aurreikusita”, adierazi du Jone Urdanpilleta zinegotziak.

 

Konpromiso falta hori zenbakitan islatu du Añarbek, EHBilduren esanetan. 2019rako 25.000€, 2020rako 175.000€ eta 2021erako beste 175.000€ aurriekusiak zituen, “ez zen nahikoa. Gabezia historiko horri erantzun ezean, ez zutela EHBilduren babesik izango argi adierazi genien”, Urdanpilletaren esanetan.

 

2019an hasi, 2022rako bukatua

Aurrekontuak adosteko elkarrizketei ekin eta negoziazio horiek aipatu diru kopuru horiek gehitzea ekarri du. Hala, 2019rako 25.000 euro bideratuko ditu Aginagako egitasmora, 400.000 euro 2020an, 700.000 euro 2021ean eta 305.000 euro 2022an. Inbertsio honen %40a Añarbek finantzatuko du, gainerakoa URA, Uraren Euskal Agentziak.

 

Egutegia finkatua dago. Usurbilgo Udalak zehaztu duenez, 2019an lanak lizitatu beharko dituzte, 2020an hasi eta 2022rako bukatu.

 

Hiru fasetan

Aginaga aldeko saneamendu lanok hiru fasetan gauzatuko dituzten. Egitasmo hau hitzarmen orokorrago baten baitan kokatzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Udalaren esanetan. 61 milioi euro bideratuko dituzte guztira Gipuzkoako uren saneamendura, 2019-21 eta 2021-27 urte arteetan. Aginagako saneamendu lanen lehen bi faseak 2019-21 artean burutuko dituzte, hirugarrena 2021-27 urte arterako aurreikusia dago. “3. faserako bermeak ere jasota badaude, espero etorkizunean heltzea, izan ere, ingurumenari zor zaion ezinbesteko lehentasuna baita Aginagako saneamendua Oria ibaitik ateratzea”, Urdanpilletaren esanetan.