Aginagako eskola kideen topaketa larunbatean, ekainaren 9ko jaialdiaren atarian

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 24a, 07:52

Bi aste baino ez Aginagak Gipuzkoako Eskola Txikien jaialdia hartzeko. Ekainaren 9an izango da. Aginagan egun horri begira auzolan betean dira. Girotzen hasteko bi hitzordu deitu dituzte larunbaterako: Aginagako Eskolari lotutako argazki erakusketa irekiko dute eta gero bazkari baten bueltan elkartuko dira urteotako hainbat ikasle, irakasle eta guraso.

Aginagako Eskolako komunitateak ekainaren 9ko jaialdi aurreko festa eguna ospatuko du larunbatean, maiatzak 25. Eskolak izan dituen hamarkadotako ikasle, irakasle, guraso eta gainerako kideak batuko dituzte bi hitzorduren bueltan; batetik, Aginagako Elizan hurrengo hamabostaldian ikusgai izan eta larunbatean bertan zabalduko duten argazki erakusketa baten bueltan. Eta segidan, Aginaga Sagardotegiak sukaldatuko duen bazkarian elkartuko dira.

Aurkezpena
Ekainaren 9an ospatuko duten Gipuzkoako Eskola Txikien jaialdiaren atarian dira Aginagan. Jaialdi honen inguruko xehetasunak eskainiko dituzte eskola kideek, hilaren 29rako deitu duten prentsaurrekoan. Aginagako nahiz Gipuzkoako eskola txikien ordezkariak bilduko ditu 12:00etan ikastetxean bertan finkatu duten hitzorduak. “Bertan azalduko dute gaur egungo eskola txikien egoera, herri eta auzoetan betetzen duten funtzio garrantzitsua, lurralde orekan duen eragin positiboa, eta batik bat, ekainaren 9ko festa egunaren nondik norakoak”. 

Maiatzak 25, larunbata
12:00 Aginagako Eskolako argazki erakusketaren irekiera Aginagako Elizan.
14:00 Aginagako Eskolako kideen bazkaria Aginaga Sagardotegian. Izen ematea itxita.

Maiatzak 29, asteazkena
12:00 Ekainaren 9an Aginagan ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien jaialdiaren aurkezpena Aginagako Eskolan.