Ekainaren 9ko eskola txikien jaialdirako girotzen hasiak Aginagan, zabaldu berri duten argazki erakusketarekin

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 25a, 13:04

Aginagako Eskolaren urte luzeetako ibilbidea, hamaika oroitzapen berritzeko aukera eskaintzen du larunbat eguerdi honetan Eliza Zaharrean ireki duten argazki erakusketarekin. Ekainaren 9an Aginagan bertan ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien jaialdia girotzeko lanak abiatu dituzte.

Txangoak, ospakizunak, jaunartzeak, klase kideen taldeko argazkiak... Aginagako Eskolako belaunaldi ezberdinetako kideak, duela 50-60 urtera artekoak erretratatu ditu gaurtik bi astez Eliza Zaharrean ikusgai izango duzuen erakusketak. Irudi bilduma auzolanean osatu dute, herritarrek utzitako argazkiekin. 

Erakusketaren irekieraren ostean, Aginaga Sagardotegian biltzekoak ziren gaur (maiatzak 25), belaunaldi ezberdinetako eskola kideak. Ikasle, guraso eta irakasleak, gaurkoak eta ohiak topaketa bazkari baten bueltan ospatzekoak ziren eguna. Hitzorduokin, orain bai, ekainaren 9rako prestatzen ari diren Gipuzkoako Eskola Txikien jaialdirako atzera kontaketa abiatu dute Aginagan.

Jaialdiaren aurkezpena
Ekainaren 9an ospatuko duten Gipuzkoako Eskola Txikien jaialdiaren atarian dira Aginagan. Jaialdi honen inguruko xehetasunak eskainiko dituzte eskola kideek, datorren asteazkenerako, hilaren 29rako deitu duten prentsaurrekoan. Aginagako nahiz Gipuzkoako eskola txikien ordezkariak bilduko ditu 12:00etan ikastetxean bertan finkatu duten hitzorduak. “Bertan azalduko dute gaur egungo eskola txikien egoera, herri eta auzoetan betetzen duten funtzio garrantzitsua, lurralde orekan duen eragin positiboa, eta batik bat, ekainaren 9ko festa egunaren nondik norakoak”. 

Bazkaritarako txartelak
Besteak beste, agerraldi horretan plazaratuko dute ekainaren 9ko jaialdiko egitaraua. Bestelako hitzorduen artean, baitan bazkaria antolatu dute. Adi, txartelak salgai izango dituzue ekainaren 3ra arte Aginagako Arrate Elkarteko tabernan. Helduen menua: gula nahaskia eta oilasko paella eta ijito besoa. Haurren menua: oilasko paella eta yogurra. Prezioak: helduen menua 12 eurotan, haurrena 8 eurotan.