Aginagak "ateak zabalik", igandean Gipuzkoako Eskola Txikien topagune izateko

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 7a, 11:26

Urtebeteko auzolan erraldoiaren ostean, egun handiaren atarian da Aginaga. Gipuzkoako Eskola Txikien topagunean bilakatuko da igandean, bertan antolatu duten jaiarekin.

“Ongi etorri, ateak parez pare irekiak baitaude eskola txikian” abestuz luzatu ziguten haurrek gonbita ekainaren 9an Aginagan ospatuko duten Gipuzkoako Eskola Txikien jaialdira, joan den astean egin zuten aurkezpen agerraldian. “Ateak zabalik” dituela ospatuko dute igandeko 32. edizioa. “Beste eskola txikietako ikasleak gonbidatu nahi ditugu. Ederki pasako dugu!”, adierazi zuten Anje Larburu eta Iraide Errasti eskolako haurrek. 

Ildo beretik mintzatu zen San Praixku Guraso Elkartea ere. “Eskola txikien proiektuan sinesten duen jende guztiari etortzeko gonbita luzatzen diegu”, zioen Amaia Bereziartuak. Mimo bereziz prestaturiko egitaraua aurkeztu zuen, laguntza eskaini eta eman duten norbanako, erakunde eta enpresak edota lanean arituko diren bolondres guztiak eskertzearekin batera. “Aginagako herri txiki batentzat sekulako erronka da tamaina honetako festari aurre egitea. Auzolan erraldoia izan da”, nabarmentzen zuen Bereziartuak. Aginagan duten eskolarekiko harrotasuna agertu zuen. Ezinbestekotzat jo zuen eskola bizirik eustea, “lotarako herri bihurtu ez dadin”. Herri barruko harremanak landu eta seme-alabak etxetik gertu hezteko ere beharrezkotzat jotzen zuen eskola.

Hezkuntza eskubidearen bermea
Hilaren 9an Aginagan batuko diren Gipuzkoako 26 eskola txikietako kideek balorean jarriko dute Mikel Goñi irakasleen koordinatzailearen esanetan, egungo egoerara osasuntsu heltzea ahalbidetu dieten hiru faktoreak: ikasgeletako adin aniztasuna, txikitasuna eta ingurua, landa eremua. “Hezkuntzarako eskubidearen berme bezala ikusten dugu gure burua”, zioen Goñik aurreko astean Aginagan egin zuten jaialdiaren aurkezpenean. Berme hori kalitatezkoa izateko duten ardura nabarmendu zuen, eta horretarako “elkarlana ikusten dugu apustu estrategiko moduan”. Hezkuntza komunitateko kideen, administrazioaren eta herriaren artekoa. 

Igandeko jaialdiaren aldarria goraipatuz, herri eta eskola txiki bat “ez dago bata ulertzerik bestea gabe” zioen Xabier Arregi Usurbilgo alkateak. Horregatik eskola txikien aldeko apustua indartzea eskatu zion administrazioari, eskolok bertan behera uzteko tentaziorik duenak, “eskolei ez ezik herri txikiei kalte egiten zaiela” ohartaraziz.

Aginagako eskolaren komunitateak urtean zehar egin ohi duten lanak “Aginaga biziaren alde, gure umeen heziketa orekatu eta inklusiboaren alde” eta zehazki, azken urtean urtebete honetan eginiko lan ederra goraipatu eta eskertu zuen; “Aginaga osoa inplikatu da”. Auzolan hau aukera ezinhobea iruditzen zaio alkateari “herria kohesionatzeko ere”. Iganderako gonbita luzatu zuen. “Zatozte Aginagara, esku zabalik hartuko zaituztegu”.

“Guztion eskola”
Igandeko jaialdiko protagonistak eskola txikietako haurrak izango dira, “auzo eta herriei bizia ematen dielako”, Aginagako ikastetxeko zuzendari Leire Salaberriaren esanetan. Igandeko jaialdiaren helburua nabarmendu zuen aurkezpenean. “Eskola txikien garrantzia aldarrikatzea da eta nola ez herri eta auzo txikiengan duen eragina azpimarratzea. Haurrak, aniztasunean, euskaraz, familia giroan eta naturarekin harremanetan hezten dira. Teknologia berrietan eguneratuak gaude eta kalitatezko heziketa eskaintzen dugu”. Herri eta auzoekin lotuak, txikiak, atseginak, erosoak… “Guztion eskola eta denontzat irekia dagoena”, aldarrikatuko dute igandean Aginagan.