Aginagako Eskolako irakasle ohiak: “Eskola handitua eta indartua topatu dugu eta horrek asko poztu gaitu”

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 7a, 11:06

Pozik eta hunkituta jaso zuten Aginagako Eskolako egungo eta aurreko hamarkadetako irakasle ohiek, herriak maiatzaren 25ean egin zien omenaldia. Hainbat oroitzapen partekatu dituzte NOAUA!rekin, igandeko Gipuzkoako Eskola Txikien festaren atarian.

“Eskertu nahi dugu eskolan egon ginenean eta azken bisitan jaso izan dugun harrera. Eskola handitua eta indartua topatu dugu eta horrek poztu gaitu”, adierazi diote NOAUA!ri, Miren Zaldua, Jexux Begiristain eta Miren Rica Aginagako Eskolako irakasle ohiek, aginagarrek maiatzaren 25ean eginiko omenaldiaren ostean. 

1985-97 urte artean aritu ziren Aginagan lanean. Gogoan dute, oposizioak gainditu eta lekualdatze lehiaketan Donostialdeko eskoletan izena eman eta Aginaga egokitu zitzaiela. Bertara heldu zirenean, “Eskolan giro lasaia eta euskalduna topatu genuen”. Zaldua eta Begiristain HH eta LH-ko bi ikasgeletako ikasleez arduratu ziren 12 ikasturtez. Rica, astean zenbait egunetan laguntzaile lanetan izan zuten. 

“Talde berean adin ezberdineko ikasleekin lan egitea erronka eta esperientzia berria zen guretzat eta egokitzapen aldia behar izan genuen. Pixkanaka erritmoa hartzen joan ginen”, oroitzen dute. Aliatu izan zuten komunitate osoa. “Ikasleen arteko elkarreragina eta kooperazioa garrantzitsuak ziren. Gurasoekin harreman onak eta gertukoak genituen”. Kanpo harremanak lagungarriak suertatu zitzaizkien, bai Usurbilgo ikastetxeekin, Aginagatik gero bertara ikastera zihoazenen jarraipena egiteko edota eskola txikiekin, “gure eskoletako kezkak, funtzionamendua eta pedagogia aztertu eta hobekuntza proposamenak egiteko”. Oroitarazten dutenez, “proiektuka lan egiteko urratsak ematen eta geletan praktikan jartzen hasi ginen”. 

Ibilbide profesional osoaren ia herena Aginagan eman zuten. “Guretzat orokorrean esperientzia polita, aberasgarria eta oroitzapen onak” ekartzen dizkie. Eskola indartuta ikusten dute, eta horri eustearen garrantzia nabarmentzen dute. “Eskola eta auzo txikietan eskola publikoak gune funtsezkoak izan dira eta izango dira bertako biztanleak elkartzeko, prestatzeko, aniztasuna, deiak, esperientziak eta proiektuak partekatzeko, pertsonak eta ingurunea garatzeko...”.


“Auzoa asko inplikatzen zen gurekin”
Ildo beretik mintzatu zaigu baita, 2010eko irailean Aginagako eskolara heldu eta duela bi urtera arte eskolako irakasle eta zuzendari lanetan jardun zen Gurutze Iztueta Larreak ere. “Herriak edo auzoak eskola txikia behar du bizirik egoteko. Eskolak bizia eta nortasuna ematen dio herriari”. Zentzu horretan, igandeko eguna ondo irabazia du Aginagak Iztuetaren ustez. “Zoriondu nahi dut egun lanean ari diren kideak. Lan handia eta zoragarria egiten ari dira Aginagako eskolaren alde”. Eskerrak eman nahi dizkie berarein elkarlanean aritu zirenei, “intentsitate eta ikasketa handiko 7 urte oso politak izan ziren”. 

Esperientzia berria berarentzat, eskola txikian lan egiten zuen lehen aldia zen. “Lucia Intxusta lankide eta lagunak erakutsi zidan funtzionamendua. Aginagara heldu berritan oroitzen duenez, “xarma handiko lekua iruditu zitzaidan”. Jangelan 5 ume soilik izandako garaitik, eskolaren hazkuntza aroa bizi izan zuen Gurutzek. “2017an eskola utzi nuenean 28-29 familiarekin, 41 ikaslerekin joan nintzen”. 

Elkarlanaren balioa azpimarratzen du. “Asko gozatu dut batez ere hartuemanekin. Eskolak herriari irekia egon behar duela iruditzen zait. Auzoa asko inplikatzen genuen eta auzoa ere asko inplikatzen zen gurekin” Lantzen zituzten proiektuetan, “familiak hor genituen gurekin batera lanean”. Aiton amonak errezetak egiten, garai bateko istorioak kontatzen… 

Auzolanean aurrera atera duten eskola, etorkizunean ere hala izatea espero du. “Garai batean ikasleak izan eta egun guraso direnek ere zenbat lan egiten duten eskola txikiarengatik. Egungo txikiek etorkizunean lekukoa hartuko dutela espero dut”.

Irakaslen ohien bertsoak
Hainbat ikastetxetan ibilia naiz 
jada amaitua dut

irakasle aroa
orain ez dut egin beharrik 
programazioa. 


Gaur bisitatu dut 
aspaldiko auzoa 
aurpegi ezagunak 
harrera beroa 
lehen ikaslea

orain gurasoa 
denok daramagu 
bizitzaren arrastoa. 


Eskola txikiak bizirik
izan eta izango da

gure leloa

Eskola haundituta
ekainaren 9rako festa antolatuta 
indartsu somatu dut 
zuen auspoa. 


Hau ez da adioa

baina, ez dut luzatuko 
diskurtsoa.

Esker mila aginatarrok! 
barka gaizki
egindakoa
eta etorkizuna izan dadila 
oparoa