"Hau posible izan da, denok elkarlanean aritu garelako"

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 10a, 09:50

Eskolek eta herriek bat eginda joan behar dute, eskola txiki eta herri txikiei bizirik eutsi nahi bazaie behintzat. Horretarako, elkarlana funtsezkoa da. Sarritan entzun zen mezua igandean Aginagan ospatu zen Gipuzkoako Eskola Txikien jaian. Besteak beste, eguna abiarazi zuen harrera ekitaldian.

Eskola Txikiek hezkuntza mailan egiten duten lana eta herri txikiei ematen dieten bizitza, bizipoza goraipatu zituzten behin baino gehiagotan ekitaldian parte hartu zuten erakunde ezberdinetako ordezkariek.

Usurbilgo txistulariek eta Aginagako Eskolako guraso eta irakasleek eginiko aurreskuak abiarazi zuen, Agurne Alkortak eta Alberto Pikabeak aurkezturiko ekitaldia. Protagonista nagusiak Aginagako Eskolako ikasleak izan ziren. Kantuan eta dantzan hasi zuten eskola txikien jaia, horretarako "ateak zabalik" zituztela oroitaraziz.

Iaz oikiarren eskutik jaso eta urtebetez Aginagako Eskolan izan duten lekukoa Aizarnakoen esku utzi zuten, haiekin batera egin zuten dantza saio baten baitan. Aizarnako Eskola izango da 2020ko jaialdia antolatzeaz arduratuko den ikastetxea.

Leire Salaberria: "Hau posible izan da, denok elkarlanean aritu garelako"
Azken egunotako antolaketa lanen zoramena, baina batez ere ilusioa aipatu zuen Aginagako Eskolako zuzendari Leire Salaberriak. "Ilusio handiz prestatzen ibili gara dena". Esker hitzak izan zituen bereziki gurasoentzat, "izugarrizko lana egin dutelako. Hau ez litzateke posible izango beraiek gabe, bihotz bihotzetik eskolaren partez eskerrik asko". Eskertza hitzok baliatu zituen Salaberriak, "aldarrikatzeko bai eskola eta hezkuntza komunitateak elkarrekin joan behar dugula, denok elkarlanean aritu behar dugula, bestela eskola txikia ez litzateke bizirik egongo".

Aginagako Eskola ixtear egon zen unea ekarri zuen gogora. "Gurasoek apustua egin zuten eskola hau mantentzeko. Auzoko jendea sutsua, potentziaduna da eta horri esker eskola mantendu da, gaur egungo neska-mutilek eskola dute auzoan". Elkarlanaren balioa azpimarratu zuen. "Talde bikaina dugu, irakasle taldea, gurasoak eta hau dena posible izan da denok elkarlanean aritu garelako".

Xabier Arregi: "Zuei esker daude bizirik eskola txikiak"
Funtzioetan den Usurbilgo alkateak jendaurreko azken ekitaldia zuen igandekoa. "Pozik nago hala egokitu delako", zioen. Tartea baliatu zuen, "Aginagako eskola komunitateari eta aginagar guztioi nire esker ona adierazteko, egin duzuen lan bikainagatik. Ondo dakit, zer nolako grina, illusioa, indarra jarri duzuen gaurkoa egun hain ederra izan dadin".

Festaren eredua goraipatu zuen; apala, neurrikoa, euskarak erabateko presentzia duena, balio handikoa eta elkargune lanak egiten dituena. "Gipuzkoako herri txiki guztiok elkartzen gara eta horrek gure artean nolabaiteko harremana eta konplizitatea sortzen du".

Eskola txikiek batzen dute Gipuzkoa urtean behin ospatzen den jaialdi honek. Eta urtero errepikatu arren, berriz aipatu beharrekotzat jo zuen Usurbilgo alkateak, "ez dela herri txikirik eskolarik gabe. Gora eskola eta herri txikiak, hori gabe ez dago Gipuzkoarik, ez dago gizarte kohesiorik ezta lurralde kohesiorik ere".

Horregatik goraipatu nahi izan zituen Usurbilgo alkateak, "eskola txikien proiektu komun hau iraunarazteko eta indartzeko lanean ari zarete guztiok. Lan isila eta apala baina zinez balio handikoa egiten duzue. Zuei esker daude bizirik eskola txikiak. Horixe eskatzen dizuet, lan horretan segitzea. Eutsi goiari! Gora Gipuzkoako herri txikiak, gora eskola txikiak eta gaur bereziki hala egokitzen delako, gora Aginagako eskola txikia!".

Cristina Uriarte: "Asko eman duzue eta horregatik zarete hain maitatuak"
Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburuak eskola txikiek hezkuntza mailan eta herri giroa bizirik mantentzen egiten duten lana aitortu eta eskertu zuen. "Xarma berezia duzue, oso hurbileko hezkuntza eskaintzen duzue eta bizia ematen diozue auzoari, herriari. Asko eman duzue eta horregatik zarete hain maitatuak".

Konpromisoa eta elkarlana bereizgarri nagusi dituen hezkuntza komunitate txikia izanagatik, "poztasun handia emanten diozue inguruari" eta horrek "haundi egiten zaituztete". Eskola txikiei buruz zioen, "zuek zuen aldetik dena jartzen duzue, gu ahalegintzen gara gure esparrutik dagokiguna bultzatzen".

Hainbat hobekuntza iragarri zituen Gipuzkoako eskola ezberdinetan, tartean, hurrengo ikasturtean zehar, Arroako, Oikiako eta Alkizako eskola txiki berrien irekiera. Uriarteren esanetan, "beharrezkoa da etengabeko hobekuntzak bultzatzea eta horretan gabiltza". Elkarlanaren balioa azpimarratu zuen, etorkizuneko erronkei heltzerakoan. 

Agurne Alkorta: "Eskola osasuntsu dago eta hori dena gurasoei esker da"
Bilboko ikasketak amaitu aurretik, eta gurasoen eskariz heldu zen Aginagako Eskolara musika irakastera, igandeko harrera ekitaldiko aurkezlea. "2-12 urte artean 9-11 haur zeuden, baina halere zenbat maitasun eta ze ondo egoten ginen". Gurasoen ahalegin eta borroka nabarmendu zituen. "Asko sufritu zen eskolan urte haietan, tinko eutsi zioten eskolari, lan handia egin zuten eta haur gehiago etorri ziren. Gaur egun 41 haur daude eskolan. Eskola osasuntsu dago eta hori dena gurasoei esker da".

Aizarnako eskolakoak: "Denak ongi etorriak izango zarete Aizarnan"
Dantza batean hartu zuten aginagarrekin 2020ko Gipuzkoako Eskola Txikien jaia antolatzeko lekukoa Aizarnako eskolakoek. Antolaketa lanengatik eskertuta agertzearekin batera, jai egun honen garrantzia nabarmendu zuten, "eskola txikiak bizirik nahi ditugula aldarrikatzeko". Aginagak atzokoan egin bezala, urtebete barru, "denak ongi etorriak izango zarete Aizarnan" adierazi zieten Ariztitxo pilotaleku atzealdean bildutakoei.

Eta hau guztia hitzez soilik ez, bertsotan helarazi zuten. "Eskerrik asko Agiña, urte guztiko lan fiña, gaur ondo pasa izan dadila, egun eder ta bikaina... Eskola txikien jaia koloretsu eta alaia, bihur dadila txikitasuna elkartasunan ibaia... Agiñatik Aizarnara ongi etorri zara, izango degu jana, musika, jolasa eta algara".