Aginagako erriberetako sagastietan bertso-ibilaldia igandean, Lujanbio eta Egaña bertsolariekin

Sagastietan bertsotan, plan borobila prestatu du Sagardoaren Unibertsitateak igande honetarako (irailak 22). Aginagan sagastietan barrena osteratxoa, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsotan direla eta Jakoba Errekondoren azalpenekin.

Iaz Zubietan egin bezala, aurten eskenatokiz aldatu eta Aginagako erriberetako sagastietan barrena ibilalditxoa antolatu du Sagardoaren Unibertsitateak irailaren 22rako (igandea). Goizeko 11:00etan finkatu dute biltzeko hitzordua Aginagako plazan. Handik aipatu moduan oinez, errio ondoko sagastietara, ohorezko bi bidelagunekin; ibilaldia bertsoz girotuko baitute Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak. Txangoak helburu argi bat du; “Sagardoaren Paisaia Kulturala ezagutzea”. Gai honi buruzko argibideak eskainiko ditu ibilaldian zehar, Jakoba Errekondo usurbildar paisajistak. Goiza amaitzeko, mokadutxoa izango da Aginaga Sagardotegian.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa martxan
Aginagako irteera, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa martxan jarri berritan ospatuko da. Gogoan izan, Asier Azpiroz Iztueta zubietarrak parte hartuko du bertsotan eta Inaxio Usarralde Aranzadik gai jartzaile gisa. Azpirozen final zortzirenetako saioa larunbat honetan (irailak 21) 17:00etan Ordiziako Herri Antzokian. Txapelketako saioetarako sarrerak salgai dituzue. Hemen xehetasunak:

GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
Iraupena: irailak 14 (Oñati)-abenduak 14 (Donostiako Illunbe).
Lehiakideak: 48 (tartean Asier Azpiroz Iztueta zubietarra). Haietatik zortzi sailkatuko dira Illunbeko final handirako.
Lehiakideekin batera: 15 gai-jartzaile (tartean Inaxio Usarralde Arantzadi aginagarra), 16 epaile eta 4 idazkari eta laguntzaile.
Ospatuko diren saioak: 16 (Usurbildik gertuen, azkeneko final-zortzirena Lasarte-Orian urriaren 5ean eta lehen final-laurdena Andoainen urriaren 19an). 
Sarreren salmenta: irailaren 2tik aurrera, bertsosarrerak.eus atarian.
Txapelketaren sintoniaren sortzailea: Don Inorrez taldea.
Txapelketaren irudi eta diseinu lanak: Lanku Kultur Zerbitzuak.
Txapelketaren gaineko informazioa:
bertsozale.eus
bertsoa.eus

Irudiaren egilea: Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.