Gaurko herri-afaria urte luzez antolatu dutenak omenduz hasi zituzten Aginagako jaiak

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 5a, 10:07

"Aldapa" eta bere Aginagako lan taldea omendu dituzte aurtengo festen hasieran, larunbat gau honetan egingo duten moduan, urte luzez antolatu izan dituzten San Praixkuetako herri-afarietan aginagarrak bapo uzteagatik. Urtean zehar joandakoak ere gogoan hartu zituzten ostiral arratsaldeko txupinazoa jaurtitzeko ekitaldian, haien omenez egin zuten isilunearekin.

Auzolana eskertu eta omendu nahi izan du Aginagako Jai Batzordeak, 2019ko San Praixkuen hasieran. "Badakigu ekitaldiak antolatu ahal izateko ezinbestekoa dela partaidetza eta boluntariotza. Musutruk lan egitea herri baten lan alde egiteko", zioen Jai Batzordeak.

Segituan hasi ziren zehazten nor izango zen aurtengo omendua. "Batzuk gazterik hasten dira eta goizago baztertu. Baina beste batzuk hortxe jarraitzen dute luzez, urteak joan eta urteak etorri, euren aletxoa jartzeko asmoarekin. Adibide ugari ditugu gure artean; horietako bat, aurten ere beste urte batez, aginagarron tripa zorriak asetzeko lanetan gogotsu jardungo da. Bere lapikotik irtendakoak ez dauka sukaldari onenaren inbidiarik eta ez diogu sekula hitz txarrik entzun. Berari esker Aginagan zerbait badugu, herri afari oparoak dira. Saltsan eta maitasunez egindako langostinoak, arrain zopa nahi adina, tomate gozoetan egindako ajoarrieroa... Zer ez dugu jan izan ere? Dagoeneko jakingo duzue ba zeinetaz ari garen ezta?", galdetzen zuen Jai Batzordeak.

Aurkezpenak eginda, plazan bertan omenduari zuzendu zitzaien. "Joxe Mari izena du, bai, Aldapataz ari naiz. Hala ere sukaldari on guztiak bezala berak ere talde ona egina dauka. Hauek ere gazteak izandakoak dira, jaiak antolatzen ibiliak, urtero kexarik gabe, Aldapa patroi dutela lanerako prest etortzen direnak. Guztioi eskertzeko omenaldi txiki bat egin nahi diegu", adierazi zuten Aginagako festen antolatzaileek.

Hamabostekoa
Ondoko irudietan ikus dezakezuen moduan, urte luzez jaietako herri afaria sukaldatu edota zerbitzatzen aritutako Aginagako lan taldea omendu du aurten, San Praixkuetako Jai Batzordeak. Kideok hain zuzen: Blanca Bruño, Maribel Bruño, Mertxe Pikabea, Maitane Eizagirre, Nekane Furundarena, Lontxo Zubiria, Marije Elexpe, Iratxe Begiristain, Jose Maria Eizagirre, Anttonio Beloki, Edune Maioz, Olatz Rezola, Juli Arrillaga, Nekane Segurola eta Patxi Segurola. Zorionak!

Plazatik jaien hasietako txupinazoa jaurti zuten Eliza Zahar ondoko balkoira igoarazi zituzten. Bertsolaria eta marrazkigilea ere baden Unai Gaztelumendik omendu taldea marrazten zuen xafla bana jaso zuten. "Aldapa, ekipo, eskerrik asko egiten duzuen guztiagatik. Bejondeizuela koadrila, beste urte askotan hala segi dezazuela", opa zieten Jai Batzordetik. Aldapak, ekitaldian falta ziren omenduak gogoan hartuta, "gora Agiña, gora San Praixkuak, gora ni, eta gora gu!" adierazi zien aginagarrei.

Eta noski, festen hasierako suziria jaurtitzeko ohorea izan zuten. Denen izenean Aldapak piztu zuen. "Ahaztu egun hauetako urte guztiko penak. Jai parekide eta parte hartzaileen alde, esan gora beldurrik gabe, gora Agiña eta agiñarrak! Gora San Praixku!", goraipatu zuten Jai Batzordetik, bertaraturikoen txalo artean, herritik eta herriarentzat sortutako jaiak elkarrekin gozatzeko gonbita luzatzearekin batera. Herri afariko antolatzaile taldearen izenean, Aldapak jaurtitako txupinazoa lehertuz, eta txanpaina edanez ospatu zuten aginagarrek, jaietan zirela jada.

"Agiñak potentzia bat izaten jarraitzen du!"
Iazko jaietako eskaintza oparoa izan bazen, bide beretik joan zaizkie aginagarrei azken hamabi hilabeteok. "Urtean zehar ekitaldi ugari izan ditugu Aginagan", oroitu zuen Aginagako Jai Batzordeak txupinazoa jaurtitzeko ekitaldian. "Abenduan primerako antzerkiaz gozatu genuen Eliza Zaharrean. Herri Txiki Infernukoek herria beldurtu zuten Euskal Herri osoaren begietan. Bai, kostako zaigu Benito eta Pagadiren dutxa hotz hartaz ahaztea. Otsailean berriz sekulako bertso saioa izan genuen soziedadean. Maiatzean eskolako ikasle eta irakasle ohien arteko bazkari hunkigarria eta ekainean Gipuzkoako Eskola Txikien Festarekin herri honen lanerako, eta antolatzeko grina eta gaitasuna erakutsi genuen beste behin. Bejondeigula! Pagadik zioen bezala, Agiñak potentzia bat izaten jarraitzen du". Horren ispilu auzolanean prestatu dituzten festa hauek. 

Aginagarrak gogoan
Jaien hasiera ekitaldian, azken urtean "gure artetik joan zaizkigunak ere gogoan izan nahi ditugu", adierazi zuten Jai Batzordetik. Isilune batekin oroitu zituzten, "gure herriaren memoria mantentzeko asmoz". 

Aginagarrak izan zituen ardatz, txupinazo ekitaldiak. Joan zirenak baina baita, azken urtean nabarmendu direnak ere. Kirolariak esaterako. "Lau goi mailako kirolari ditugu gure artean; Miriam eta Aitor, gure eskupilotari gazteak, poz asko emango dizkiguten arren, festa hauetan frontoia parrandarako bakarrik zapalduko dute. Iñaki eta Josu arraunlariak, denboraldi bikaina egin ostean, datorren asteburuko traineriletan barra izkinean baino planta hobeagoa emateko gai izango ote dira?".