Andres Bruño Urdanpilletari azken agurra gaur Aginagan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 7a, 10:28

Frankismo osteko Usurbilgo lehen alkatea, Andres Bruño Urdanpilleta zendu zen larunbatean. Errekaldeko beilatokian egongo da astelehen eguerdiko 12:00ak arte. Bere aldeko hileta elizkizuna, gaur arratsaldeko 18:00etan izango da, Aginagako Asisko Frantzisko Deunaren parroki elizan.

Azkenekoz, apirila hasieran, lehen udal hauteskundeen 40. urtemugako Gernikako Batzarretxeko ekitaldian ikusi genuen. Hitzorduan parte hartu eta frankismo osteko lehen alkate gisa omendu zuten bertan. 

Francoren diktaduraren ostean ospaturiko lehen udal hauteskundeetatik 40 urte bete ziren apirilaren 3an. Demokrazia garaiko lehen alkate izandakoak omendu zituzten egun haietan Gernikako (Bizkaia) Batzarretxean, Euskadiko Udalen Elkarte EUDEL-ek egindako 2015-19 legealdiko azken batzarrean.

224 gizonezko eta lau emakumezko omendu zituzten eta ordutik alkate izandako 2.400 lagun baino gehiago. Tartean, trantsizio garaiko Usurbilgo lehen alkate Andres Bruño. "Makila, eskuz esku, 40 urtez" aldarripean, "makilaren ondarea" izan zen omenaldiaren haria. 

"Euskadiko udalentzat balio historiko eta sinboliko handia duen egun bat gogoratuko du. Diktadura sasoi luze baten ondoren, 1979ko apirilaren 3an egin ziren hauteskundeetan hautatu ziren demokraziako lehen udalak abiarazi zituzten alkateak", dio EUDEL-ek. 

Alkateen jarduna goraipatu zuen EUDEL-ek. "Atzoko eta gaurko alkateek ezaugarri berdinen bat badute, hauxe da: zerbitzu publikorako bokazioa; eskuz esku, gorputz eta arima lanean aritzeko eta sakrifiziorako gaitasuna, desberdintasun guztien gainetik, udalerrien aurrerabidearen eta bizi-kalitatearen mesedetan.

Pertsonekiko hurbiltasunak eta enpatiaren eta tokiko erakunde guztiekin sarean lan egitearen ondorio da udalak izatea ondoen baloratutako erakundeak. Hurbileko erakundeak eta egunetik egunera irekiagoak, gardenagoak eta parte-hartzaileagoak dira, herritarrekiko konplizitatea dutenak".

Aitortza eta esker ona
Omenaldi ekitaldian bertan izan zen Andres Bruño senideekin eta Usurbilgo Udaleko ordezkaritza batekin. Orduko alkate Xabier Arregik Udaleko sare sozialen bidez omenduari esker ona adierazi nahi izan zion. "Andres Bruño Urdanpilletak, Usurbilgo trantsizioko lehen alkateak ondo merezitako aitortza eta omenaldia jaso du. Ohore handia izan da une hau Andresekin partekatzea, eta beraz, gure partetik usurbildarron izenean ere aitortza, zorionak eta esker ona adierazi nahi diogu Andres Bruñori".

Bruñorentzat berezia den lekuan egin zioten omenaldia, Usurbilgo alkateak gogorarazi zuenez. "Andresek ere badu Gernikarekin bestelako loturarik. Izan ere gerra garaian hemen egotea egokitu zitzaion eta berak kontatzen duenez, hegazkin batek ametrallatu zuen. Berak dio txiripaz atera zela bizirik. Beraz Andres Gernikan gertatutakoaren lekuko bizia da, gure historiaren pasarte beltzenetako baten lekuko bizia". 

Argazkien egilea: Usurbilgo Udala.