Aginagako Arrate elkarteko taberna kudeatzeko esleipen prozesua martxan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 9a, 09:30

Asteazken honetatik Usurbilgo Udalak plazaratu duen deialdian izena emateko aukera dute interesdunek, urriaren 23ra arte. Urtebeteko tartean esleipen prozesu hau deitzen duten bigarren aldia da.

"Denbora gutxian egoitza bererako egin den bigarren esleipena da honakoa", Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez. 2018ko uztailean egin zen lehenengoa, ez zen inor aurkeztu eta taberna esleitu gabe geratu zen. "Zerbitzu hori eman zedin lanean jarraitu zuen udal gobernuak: gerora, zerbitzu hori emateko prest agertu zenik izan zen, eta kontratu txiki bat egin zitzaion. Orain, bigarren esleipenean, hamabost eguneko epea irekiko da", iragarri du Udalak.

Asteazken honetatik (urriak 9) hilaren 23ra arte zabalik da jada, Aginagako Arrate elkarteko tabernaren kudeaketa esleitzeko deialdira proiektuak aurkezteko epea. Hemen xehetasunak:

ARRATE ELKARTEKO TABERNAREN KUDEAKETA ESLEITZEKO DEIALDIA
Izen ematea: urriak 9-23 (proiektuak udal erregistroan edo postaz bidalita aurkez daitezke: Usurbilgo Udala/ Joxe Martin Sagardia plaza z/g  / 20170 Usurbil).
Kontratuaren iraupena: urtebetekoa, urtez urte berritzeko aukera gehienez 4 urtera arte.
Kanona: gutxienez hileko 25 eurokoa (+ %21eko BEZa, 5,25 euro: guztira 30,25 euro). Esleitzaileek kopurua igo dezakete eskaintzetan, baina kontratuak iraun artean ez da kanona berrikusiko.
Esleipendunak bete beharreko baldintzak:
-Hizkuntza gaitasuna bermatua izatea (B2 gaitasun maila egiaztatu beharko da).
-Elikagaien manipulatzaile titulua izatea.
-Zerbitzua herritar guztientzat zabalik egongo da, Arrate elkarteko bazkide izan edo ez direnei.
-Zerbitzuaren erabiltzaile gehienak erretiratu eta pentsiodunak direnez, haiei Udalak onarturiko prezioak aplikatzea. Errespetuzko tratuan oinarritutako hartu-emanak izatea.
-Instalazioen eta ekipamenduen mantenua bermatzeko egin beharreko gastuak esleipendunaren gain geratuko dira, "legez jabearen ardurakoak direnak izan ezik (zehaztapenak plegu administratiboetan jasota datoz)". Udalak taberna erabat hornitua utziko du.
Eman beharko diren zerbitzuak: tabernaren kudeaketa, "taberna-jantokiaren mantenua, ustiapena eta garbiketa; komunen garbiketa (nahiz eta erabilera publikokoak izan); eta, tabernatik beheko irteerara doazen eskaileren eta beheko sarreraren garbiketa. Halaber, esleipendunaren betebeharra izango da zahar egoitzako gelen atezaintza-lanak egitea". 
Informazio gehiago: usurbil.eus / 943 371 951.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.